“Garai hartan ez zegoen festarik data hauetan eta udarako lehenengo festak izango ziren,”azaldu digute auzoko lagunek. Jaia hauek denboran iraun eta aurten zilarrezko ezteiak ospatuko dituzte.
Euskal giroa nagusi izan da beti Zabaletako jaietan. Izan ere, auzoko jai batzordeko kideek azaldu digutenez, “inguruko baserritarrei ere zerbait ematea zuten helburu”.
Honela, gogora ekarri dutenez, igandean herri kirolak, bazkari herrikoia, bertsolariak eta erromeria izan ziren lehen jai haietan.
Argazkia zuri-beltzean badago ere, 1995eko proba mistako irudia dugu. Orduan, Zabaleta auzoan zegoen zelaian antolatzen zen proba.
Proba mista
Herri kirolen barruan gainera, proba berezi bat antolatu zutela ere aipatu dute, proba mista.
Baserritarrak hurbiltzeko lehiaketa bat egitea pentsatu zuten. “Baserrien artean lehiatzeko zerbait izan behar zuen. Gutxi ikusten ziren probak eta profesionalak ez zirenak (zerra, txinga, lokotxak eta korrika egitea) aukeratu genituen. Baserritarrei azaldu eta prest agertu ziren”.
Geroztik, Zabaletako jaietan ez du hutsik egin proba honek eta hainbat dira hau ikustera igotzen diren lasarteoriatarrak.
Honetaz gain, auzo zeharkatzen duen errepidearen beste aldean zegoen zelaian egiten zela ere gogoratu dute. “Orduan auzoko plazak harrikoskorrekin zati bat zuen eta porlana bestean. Beraz ezin zen proba bertan egin. Egun etxe atxikitu horiek dauden lekuan, berriz, zelaia zegoen. Bertan zezen plaza antzeko bat egiten genuen, borobil bat eta korrika egiteko zirkuitua eta erdian egiten ziren beste probak. Leku aproposa zen”.
Erromeria xumea
Honekin batera, baserritarrak auzora gauean hurbiltzeko erromeria “xume bat” antolatu zutela azaldu digute, “hemen dirurik ez zegoen eta inguruko jendearekin, ezkontzetan eta halako ospakizunetan jotzen zuten herriko batzuekin egin genuen. Bigarren urtean, berriz, Kaxiano deitzea aproposa iruditu zitzaigun“.
Honetaz gain, ”hainbat talde, jende ezaguna” ere egon dela harro esaten dute, hala nola, auzotarra den Tapia trikitilaria.
Bertsolari hasi berriak
Baina erromeria baino lehen, bazkal ostean, bertsolarien txanda zen.
“Hemen ingurukoak ziren Antton Garin, lagunen bat eta gero gazte pare bat ekartzen zituen”.
“Aterpe eta beste lagunekin arratsaldeetan saiotxo bat egiten genuen. Orduan oholtza txikia zen, orain taula handian egiten dugu,” dio Anttonek.
Baina hauetaz gain, urte hauetan maila handiko bertsolariak izan direla ere azpimarratu du, “Hernaniko bertso eskolan zebilen jendea zen. Maialen Lujanbio neska koxkorra zela, Andoaingo Mendiluze, Zelaia... Gustura etortzen ziren eta gainera oinez“.
Haurrentzako ekintzak
Zabaletako jaietan ere auzoko haurrek garrantzia izan dute beti.
“Betidanik astean zehar umeen festak izan dira. Horrek ekartzen duen giroa, gurasoak, aitona-amonak garrantzitsua da,” aipatu digute.
Lehen milaka joko eta jolas egiten zirela adierazi digute, “orain nahiko murriztua dago dena”.
Joko horiek auzoko gaztetxoek antolatzen zituzten, “14 eta 15 urteko gazte taldea zegoen, oso trebeak umeen inguruko gaietan eta bere eskuetan uzten genituen joko guztiak. Ederki asmatu genuen”.
Egun, astean zehar haurrentzako jolasak eta japoniar bonbak izaten dira eta Kukuka antzerki eta dantza eskolaren laguntza ere badute Zabaleta auzoko lagunek, “umeak erakartzeko oso aproposa den antzerkia eta zerbait sinplea.”
Taberna
Bestalde, Zabaletako jaietan urtero egon den beste gauzetako bat taberna izan dela azpimarratu dute.
“Lehenengo urtean Eulogio de la Sernak utzitako garajean jarri genuen taberna, hurrengo urteetan beste garaje batzuetan ere izan zen”. Baina dirua jasotzen zela ikusita, taberna egitea erabaki zuten.
“Auzoan beti izan da ohitura auzolanean gauzak egitea. Soldadore eta kaldereroak daude auzoan eta horietako batek, Jesus Aldasoro soldadorearen bitartez materialak erosi genituen,” azaldu digute.
Aldasorok estruktura diseinatu eta auzolanean pixkanaka txapak margotu eta soldatu zituzten.
“20 bat urte dira taberna dugula. Hau plegatua, jasota egoten da txoko batean, jaiak noiz iritsiko zain. Noizbehinka konpontzen dugu, txapak margotzen ditugu... Aldaketak ere egin dizkiogu. Goiko aldea ere txapa zen eta euria eginez gero, pisu handia hartzen zuen. Horregatik, toldoa jartzea erabaki genuen”.
Teresa sorgina
Era berean, egun Zabaletako jaietako ikur den Teresa sorginari buruz ere mintzo dira.
“Duela sei edo zazpi bat urte dira Teresa sorgina datorrela,” argitu digute.
Alejandro Romok sortutako sorgina dela azaldu digute eta honek ere, lehenengo urteetatik erabiltzen diren buru handiak egin zituela azpimarratu dute. “Pertsona oso sartua da, beti dago prest edozertarako. Horregatik omenaldia egin genion”.
Jai batzordea
Batzuk dira urte hauetan batzordean lan egin duten auzotarrak. Hasieran, berriz, “jende gutxi zegoen jai batzordean. Baina ilusio asko zegoen. Haurrak zituzten guraso eta auzokide gehienen laguntza izan genuen,” aipatu dute Zabaletako jai batzordeko kideek.
Baina bereizi nahi dituzten hiru pertsona daude: Imanol Uribe, Antonio Blas eta Joxe Migel Aranzadi.
“Joan zaizkigun hiru pertsona dira. Hirurak oso pertsona garrantzitsuak auzorako eta jaietarako. Imanol Uribe gazteak, lehenengo bi urteetan, kristoren lana egin zuen. Oso gazte hil zen. Antonio Blasek ere asko lagundu zigun eta bere oroimenez auzoko plazari bere izena eman genion,” azaldu digute.
Joxe Migel Aranzadiri dagokionez, “kartak asko gustatzen zitzaizkionez, duela bost urtetik hona, mus eta eskoba txapelketak bere oroimenez egitea adostu genuen”.
“Honelako auzo batentzako hiru baja izatea garrantzitsua da. Hirurak langileak ziren eta haien lana besteen artean egiten saiatu gara. Berriak sartzen dira baina gutxi batzuk,” aipatu dute.
“Indar berriak behar ditugu. Guk dinamika bat jarraitzen dugu, baina gazteak sartuz gero beste giro bat lortuko dela uste dugu,” adierazi dute.
Hala ere, zerbait argi daukate, “25 urtez gai izan gara hau mantentzeko. Beti egon dira jendearen artean tirabirekin eta istiluak baina dena konpontzen da”.
25. urteurreneko jaiak
Aurten urteurren berezia dela eta, bi ekintza azpimarratu nahi dituzte.
Batetik proba mistaren aurretik egiten diren herri kiroletan Aimar Irigoien harri-jasotzaile profesionala izango da.
Eta bestetik, larunbateko Bertso saioa. “Lasarte-Oriako bertso eskolaren esku utzi dugu eta oso gustura hartu dute. Saioa egingo dute herrikoek eta polita da haiek egin ahal izatea”.
Asteburuan hamaika ekintza
Gauzak honela, asteartean hasi ziren Zabaletako jaiak eta haurrak izan dira protagonistak hiru egun hauetan. Hauek kamisetak margotu, jolas ugari, Kukukako gaztetxoen antzerkia ikusi, hainbat opari jaso eta japoniar bonbekin gozatu ahal izan dute.
Gaur arratsaldean, Teresa sorginari ongi etorria emango zaio auzoko trikitilarien laguntzaz. Baina aurretik Kukukako antzerkia eta Porrotx eta Dinbi banda batukadak erritmoa jarriko dute.
Dantzak ere izango du bere lekua, ingurutxo herrikoia, Kukukako dantza garaikideko lagunen saioa eta ondoren erromeria izango dira. Eta Altxorraren bila filmaren emanaldi berezia.
Bihar, Joxe Migel Aranzadi oroimenez eskoba eta mus txapelketa eta toka txapelketa ere izango dira.
Arratsaldean, haurrentzako ur jolasak eta herri kirolak izango dira. Gauean, berriz, bertso saio berezia eta Gazte Rock gaua.
Igandean, jendea animatzea espero dute Zabaletako lagunek. “Kukukako euskal dantzek proba mistarako prestatzen dute jendea. Baserritar giro horrek eta taldeen arteko pikeak lasarteoriatarrak Zabaletara hurbiltzea dakarrela uste dugu”.
Bazkari herrikoiaren ostean, EGAN taldeak jarriko ditu guztiak dantzan. Eta gau aldean, Teresa sorgina traka handiarekin agurtuko dute.