'NEURE KABUZ'

Non dago zaintza?

Maitane Rebe Igartua 2022ko mai. 6a, 07:30

Gaur egun ekonomia feminista puri-purian dagoen gai bat da, eta azkenaldian kultura, politika zein hezkuntza ingurunean maiz eztabaidatzen den kontzeptu bat dela esan daiteke. Hala ere, askotan ez da argi geratzen zer den ekonomia feminista. Gaur egungo ekonomia ordeztuko duen sistema bat izan daiteke? Eta honekin batera, genero parekotasuna eta kapitalismoa gainditzeko bide bat izango da?

Ekonomia feminista ez da emakumeak gaur egungo sistema ekonomikora gehitzea, merkatuak lekualdatzea bazik. Ekonomia feministak pertsonen beharrak asetzen eta ongizatea sortzen duten prozesu guztiak ekonomia direla kontuan hartzen du. Hau da, lana ez da soilik diru sarrera batzuen truke egiten den jarduera, bizitza eusten duen giza jarduera oro lana da. Egitura sozioekonomikoa bi eremutan banatzen da: ekonomia monetizatua, eremu publikoa, eta ekonomia ez-monetizatua, non emakumeek zainketa lan ez ordainduak burutzen dituzten. Honen harira, zainketen krisiaren kontzeptua aipatu beharra dago. Emakumeak eremu batetik bestera iragateak zainketen krisia eragin duela esan ohi da. Honen aurrean, emakumeak lan bikoitza burutzen du, edo bestetik, bestelako jarduera horiek beste emakume baten gain uzten ditu. Beraz, zainketen krisia emakumeak “publikoki lanean” hasteak eragin du? Edo betidanik egon den krisi bat da?

Ekonomia feministak ekonomiako genero desparekotasuna ulertzeko eta gainditzeko hitza hartzen du, eta ideia bat argi du: desberdintasun hauek ulertzeko eta ezabatzeko beharrezkoa da lan ez ordainduak kontuan izatea. Izan ere, ekonomia feministak, gaur egungo prozesu eta politika ekonomien inguruan hausnarketa bat eginez, ikusten ezin diren ekonomiaren eremuak leheneratzea eta hauek emakumeen eta gizonen artean dauden desparekotasunekin nola elkar eragiten duten ezagutzea lortzen du.

Beraz, ekonomia, kapitalista izateaz gain, heteropatriarkala ere bada. Heteropatriarkatuak gizona gailentzen duen gizarte egitura bat izateaz gain, “normalak eta naturalak” diren sexu-harreman bezala, emakumeen eta gizonen artean gauzatzen direnak bakarrik ulertzen ditu. Gaur egungo ekonomia familia eredu orokor bakar batean oinarritzen da, bikote heterosexual batez eta izan ditzaketen seme-alabez osaturik. Honetaz gainera, eredu ekonomiko honek gizonarentzako eta emakumearentzako hainbat rol bereizten eta legezkotzen ditu, desparekotasunak sortuz.

Laburbilduz, ekonomia feminista gaur egungo sistema ekonomikoa ordezkatzeko sistema bat dela ondorioztatu daiteke, eta beste hainbat helbururen artean, kapitalismoa eta genero desparekotasuna gainditzeko bidetzat jo daiteke.

Erlazionatuak