'NEURE KABUZ'

Lore sortak

Maitane Rebe Igartua 2022ko ots. 18a, 09:30

Aste hau lore sortez, opariz eta bihotzez inguraturik hasi dugu. Otsailak 14, San Valentin eguna. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sakonetan errotutako maitasun erromantikoan oinarritzen den “maitasunaren” jaia, jeloskortasuna, maitasun posesiboa edo laranja erdiaren kontzeptua goraipatzen dituena.

Baina ez nator festa honen inguruan hausnartzera. Lore sortak ikustean orain dela hilabete pare bat, giza eskubideen inguruko gazte truke batean, mutil turkiar batekin hitz egin nuenaz gogoratu naiz. Izan ere, momentu hartan esan zidana betiko gogoan geratu zait: “Gizon gehienek lehen lore sorta bere hiletan jasoko dute”.

Mintzagaia lore sinple batzuetatik haratago joan zen. Gizonez eta sentimenduez aritu ginen. Eta etxera itzultzean eta mila buelta eman ostean, gai honen inguruan hitz egitera natorkizue gaur. Hasi baino lehen, ni emakume izanda, datorrenarekin hanka sartzen badut inor gogaitzeko asmorik gabe egiten dudala argitu nahi dut. Izan ere, nire inguruko gizon desberdinen iritzia jaso arren, nire ikuspuntutik hitz egiten dut, eta orokortzeko joera nabaria da.
Gizon batek sentimentuak adierazten dituenean, horrek ahuldu egiten duela ulertarazi da urte askotan zehar, “emakume” baten maila berera erortzen dela, emakumea ahula, hauskorra eta babestu egin behar dela uste delako. Guzti hau, matxista izateaz gain, gizonentzako kaltegarria da, frustrazioa, antsietatea eta tristura eragiten baititu, ez dakitelako nola kanporatu sentitzen dutena. Izan ere, “gizon” izatearen mundu honetan, maskulinitatearen irudiaren itxaropena betetzeak kalte egiten die, eta askotan, gizon gisa porrot egiteko beldurrarekin bizi dira, inkontzienteki.

Zenbait ikerketak frogatu dutenez, 5 urte arte mutilak neskak baino emozionalagoak dira. Hala ere,  gaur egun egoera aldatzen ari den arren, gizartearen eta genero aurreiritzien ondorioz, mutilek  beren pentsamenduak ez erakustera hezi ohi dira. Ondorioz, gizonek “macho alfa” dute erreferentetzat eta txikitatik ikasten dute gizonek beren kideekiko harremanetan zaurgarritasuna saihesten.

Indartsua izan behar zara, ausarta izan behar zara, arrakastatsua izan behar zara, ez izan beldurrik, ez egin negarrik, hori “marikoiek” egiten dute. Eta zerbait gertatzen bazaizu, hobe zuretzat gordetzea, besteek ahula edo “gizon gutxi” zarela ikusi ez dezaten. Sentimenduez hitz egiteko edo negar egiteko pausua ematen baduzu, egon zaitez prest zure ingurukoek txantxetan hartzeko edo burla egiteko. Hermetismo sentimental hau ez da batere osasuntsua, eta ondorio handiak dituela erakutsi du. Izan ere, bere buruaz beste egiten duten bost pertsonatik lau gizonezkoak dira.

Beraz, saia gaitezen hau guztion artean aldatzen. Etengabe epaitzen gaituen sistema honek ez du batere laguntzen baina has gaitezen deseraikitzen. Minutu batzuez eten, hausnar, jaso ezazue negar egiteko zapia. Eta aholku txiki bat: sentimenduak erakusteak ez zaitu gizon gutxiago egiten, gizaki bihurtzen zaitu.