Nik neuk, beste askok bezala, laranja erdien izenean borobildu ditut nire ertzak. Eta neurritsu agertu nahi izan dut, baina ez neurritsuegi, naizena izan beharko nukeenaren baitan eraiki. Eta eskoaira eta kartaboiz gorputza ebaki moldeetan sartzeko, maita nazaten. Eta sinestu dut ez dudala babesik zein zaintzarik merezi ez naizelako nahikoa, perfekzioaren diktadurari men eginez. Honen guztiaren babespean barneratu dut besteek maita nazatela dela nire burua maitatzeko bidea.
Maitasun erromantikoa deseraikitzeko bidean gauden unean, problematikak kolektibizatzen dihardugun honetan, maitatzea elkar zaintzea dela ondorioztatu dugu eta zaintzeak ardura afektiboa dakarrela ezinbestean. Ez legoke gaizki ordea, norberarekiko ardura afektiboa ere erdigunean jartzea. Munduarekin harreman osasuntsuak eraiki nahi badira, ezinbestekoa delako norberak bere buruarekin daukana lantzea. Iraultzak autozaintzatik eta automaitatzetik asko behar baitu. Honen baitan, Cuatro Pesos de Propina taldeak Mi Revolución kantuan bildutako hitzak azalean idatzi nahiko nituzke, ahaztu ez ditzadan.
Gaur ematen dudan borroka da ni gehiago maitatzea/ Gaur ematen dudan oihua isiltasuna da/ Gaur barkamena eskatzen dizut bihotzean min eman badizut. Gaur ez dut nahi gaizki egiten didana, jokoaren iluna/ Gaur, denboraren zauriak sendatzeko garaia da/ Gaur, atzo izango den honetan, oparitu unea/ Gaur nor naizen ikusi dut, gehiago ezagutu dut neure burua. Gaur pozoiak bere erremedioa aurkitu du. Gaur barkamena eskatzen dut bihotzean min hartu badut./ Hori da nire iraultza, nire odola maitasunez betetzea, eta arnasten badut, barruan daramadan maitasuna haizean barreiatzea. Hori da nire iraultza.
Nire iraultza neronek fabrikatutako pozoinarentzat antidoto bihurtzea da, gorputzeko eta erraietako arrakalak ureztatzea loratu daitezen. Epaiketatik at lantzea mugak eta hutsuneak, espazio seguruak eraikitzea nire buruarentzat. Erruak ardura bihurtzea, zaurgarri agertzeak ematen duen indarra barneratzea, eta naizena zaintzea, onartzea, goxatzea, babestea…
Horregatik, akatu nahiko nituzke maitasun erromantikoak eta heteropatriarkatuak irazandako mamuak eta, bihar goizean, lore bat oparitu nire buruari. Oraindik ez zaitut zure osotasunean maite, baina, maiteko zaitut.
Hori baita nire iraultza, hori baita gure iraultza.