Irigoienek azaldu du "gauetik egunera" sortutako proiektu bat izan zela Hijos de dios: "Donostian bizi ginen lehen, Bizkaia pasealekuan, eta gazte marrokiar bat etorri zen, etxerik ez zuena. Bera zen ikusten nuen lehen pertsona goizetan, eta azkena gauetan: banku batean egoten zen eserita, hitz egin gabe, begiak zabal-zabal, harrizkoa balitz bezala". Hori ikusteak hunkitu egin zuen zuzendaria, eta harekin hitz egin zuen: Alemaniatik zetorrela, eta jaioterrira itzuli nahi zuela. Garai berean, egunkari batean New York hiriko etxegabeei buruzko argazki-erreportaje bat irakurri zuen, eta pentsatzen hasi zen zer historia egon zitekeen irudietan azaltzen ziren pertsonen atzean. Erabaki zuen haiengana gerturatu eta "istorio erreal bat" kontatzea.
Hala, Madrilera joan zen, eta zortzi hilabetez lo egin zuen eguneko zentroetan, kalean, castinga egiten, berak egin nahi zuen pelikularen protagonista nor izan zitekeen ikusten. Javier Lea ezagutu zuen bertan, eta bere lagunak aurkeztu zizkion, Romerales (Mariano Lopez) eta Mari Jose Sarabia. "Hiruak beteranoak ziren, erritmo geldokoak, bizitza begien aurrean igarotzen ikusten ari balira bezala. Horrek jokoa eman zidan nire dokumentalean sortu nahi nuen mugimendua irudikatzeko". Film batean aktore izatea proposatu zien, "jolas modura", eta "entretenigarria" iruditu zitzaien hiruei. Espainiako hiriburua aukeratu zuen erakutsi nahi zuelako zeinen ikusezinak diren pertsona etxegabeak gaur egungo gizartean. "Plano hori irudikatzeko, jende asko behar duzu, etengabe pasatzen ari dena, eta Madrilen hala izaten da".
Hasi zirenerako, lagunak
Esan bezala, Irigoienek zortzi hilabeteko casting moduko bat egin zuen Madrilen, eta aktoreak zeintzuk ziren erabaki eta filmatzen hasterako, "lagunak" zirela adierazi du. "Ordu asko pasatzen genituen elkarrekin, eta ikusi zuten laguna nintzela, ez nintzela haiengana hurbildu interes ezkuturen bat nuelako-edo. Haien bizitza kontatzeak merezi zuela esan nien".
Filma egiteko prozesua "zaildu" egin zuten Donostiatik Madrilerako joan-etorriek, Irigoienek onartu duenez. "Gertatzen ziren gauza batzuk ezin nituen kamerekin jaso ez nengoelako hor; joaten nintzenean, egoera horiek sortzen nituen, haien egiak konta zitzaten".
Bi emanaldi gehiago
Tipularen sehaska kanta filma izango da emango duten hurrengoa, hilaren 26an. Lander Garrok zuzendu du dokumental hori, Sare herritarraren enkarguz; euskal presoek espetxeetan bizi dituzten egoeretatik abiatu, eta kartzela sistema bera jartzen du auzitan. Hurrengo egunean, 27an, Aita Mari proiektatuko dute, zikloko azken ikus-entzunezkoa: Javi Julio kazetariaren lanak erakusten du zenbait boluntarioren jarduna, gerratik eta gosetetik ihesi ari diren migratzaileei laguntzeko.
Bi saioak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerek 6 euro balio dute. Sarean zein kultur etxeko leihatilan eros daitezke. Emanaldien ondoren solasaldiak egingo dituzte zuzendariekin.