'Bolante baten historia' dokumentalak ireki du Okendo Zinema Taldearen zikloa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 18a, 13:40

Hasi da Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloa. Bolante baten historia proiektatu zuten bart, kultur etxeko auditorioan: ikus-entzunezko horrek Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren kasua jorratzen du. Haren anai Eneko Etxeberria eta filmaren zuzendarietako bat den Iban Toledo gonbidatu zituzten ikus-entzuleekin hitz egitera. 

42 urte daramatza Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra zenaren gorpua bilatzen bere familiak: gurasoek ekin zioten borrokari, Patxik eta Celesek, eta Eneko anaiak jarraitzen du sendiaren borroka, gertatutakoa argitzeko helburuz. 1980 ekainaren 11n "desagerrarazi" zuten Jose Miguel, Eneko anaiak dokumentalean zein atzoko solasaldian behin eta berriro errepikatu bezala. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen Naparra, eta errefuxiatu gisa zeramatzan pare bat urte Ipar Euskal Herrian. 42 urteren ostean, oraindik ez dute haren gorpua aurkitu, eta ez dakite nork erail zuen, nahiz eta argi esaten duten Espainiar Estatuak zerikusi zuzena izan zuela. Aurkitu bitartean, bera beti presente izateko, gidatzen zuten autoaren bolantea gordetzen dute familiaren baserrian, Lizartzan (Nafarroa). 

Iazko arrakastak hauspotuta, aurten ere zikloa egitera animatu dira OZTko kideak. Dinamika ez dute aldatu: emango duten ikus-entzunezkoa eta protagonistak aurkezten dituzte, emanaldia egin gero, eta solasaldiarekin bukatu. Hori guztia egiteaz gain, berriki hil den Ioritz Apaolaza izan zuten gogoan, "kide eta lagun" izandakoa.

Isildua izan ez dadin

Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzendu dute Bolante baten historia. Azken hori etorri zen atzo iluntzean kultur etxera, eta azaldu zuen 2017an ekin ziotela ikus-entzunezkoa produzitzeari. "Ezagutzen nuen kasua lehendik ere, eta garai horretan Naparraren gorpua aurkitzeko indusketak egiten ari zirenez, bolo-bolo zebilen gaia komunikabideetan. Iñakiri deitu, eta gaiari buruzko ikus-entzunezko bat egitea erabaki genuen. Iñakik ezagutzen zuen Eneko, eta bera jarri zen harremanetan". Etxeberriak "oso eskertuta" jaso zuen zinemagileen deia, eta "gustura" dago filmarekin: "Esperientzia gogorra izan da, baina lan izugarri ona egin dute, gurea bezalako kasuak ezin dira isilduak izan, eta horretan laguntzen du honek". 

Etxeberriak aitortu duenez, anaia etortzen zaio gogora jaiki eta berehala, "egunero", duela 42 urtetik. "Lau hamarkada baino gehiago daramatzagu borrokan, eta atseden hartu nahi dugu, anaiari egin ziotena argitu eta haren errautsak baserrira ekarri, gurasoenekin batera egon daitezen. Argia behar dugu". Arestian esan bezala, CSIDeko kide ohi batek emandako informazioari esker, lehen indusketa 2017an egin zuten Ipar Euskal Herrian, Labrit eta Brocas herrien artean. Paco Etxeberria auzitegi medikuarekin harremanetan jarri, eta bi gune posible identifikatu zituen. Bat aztertzeko baimena jaso, eta Frantziako poliziak egin zuen indusketa, baina ez zuen ezer aurkitu. Beste eremua begiratu gabe dago, eta 2018tik daramate horretarako baimena lortzeko zain.

Galderak OZTko kide Mikel Yarzak egin zizkien, baina ikus-entzule bat baino gehiago ere animatu zen ekarpenak egitera. Hona zer esan zuen batek: "42 urte laburtu dituzue ordu eta erdian, historian kokatu gaituzue, hausnarrarazi egin diguzue eta hunkitu ere bai: lan bikaina egin duzue,". Toledok azpimarratu zuen helburu nagusietako bat zela ikus-entzuleei galderak egitea, ez soilik atzera begirakoak, aurrerakoak ere bai: ikus-entzunezkoan zehar behin baino gehiagotan azaltzen da Oier, Etxeberriaren 11 urteko semea. Horri lotuta, aitak gogoeta hau partekatu zuen kultur etxera joandakoekin: "Hemendik urte batzuetara berak hartu beharko du ezagutu ez zuen osaba bat bilatzearen zama? 42 urte daramatzagu hori argitu nahian, eta nahikoa dela uste dugu, ez da bidezkoa".

Zikloko bigarren dokumentala, Apaiz kartzela, bihar emango du OZTk, toki eta ordu berean: kultur etxeko auditorioan, 20:00etan. Sarrerek 6 euro balio dute. Zuzendari Ritxi Lizartza eta protagonistetako bat den Xabier Amuriza etorriko dira lasarteoriatarrekin hitz egitera.

Erlazionatuak