Ez ahazteko atzera bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko martxoaren 20a

Okendo Zinema Taldeak antolatutako euskal dokumentalen zikloko bigarren saioa egin dute larunbat iluntzean. Apaitz kartzela ikusgai izan dute kultur etxera bertaratutakoek. Ondoren, lanaren zuzendarietako bat den Ritxi Lizartzak eta dokumentaleko protagonistetako bat den Xabier Amurizak emandako azalpenak entzuteko aukera ere izan dute. 

Zamorako apaizen kartzelan 1968-1976 urteen artean preso egon ziren lau apaiz espetxera bueltatuko dira. Frankismoaren errepresioa euren sermoietan salatzeagatik hamar urtetik gorako zigorrak ezarri zizkieten batzuek. Munduan halako espetxe bakarra izan zen, Francok sortu zuen Vatikanoarekin sinatutako konkordatua baliatuta. Bertan bizitzakoek jaso dituzte lanean: torturak, zigorrak, ihesaldi saiakera...  Jada itxita dago, eta han gertatutakoa ahaztu ez dadin egin dute Apaiz kartzela dokumentala Oier Arantzabal, David Pallarès eta Ritxi Lizartza zuzendariek. 

Ordu eta erdi eskaseko lanaren ondoren hasi dute solasaldia. Auzkezle lana egin duen Pablo Barriok bota die lehen galdera: Nola sortu zen ideia? Lizartzak argitu duenez, jatorrizko ideia Javi Barajasek izan zuen 2014an. Orduan, Lizartza ez zegoen proiektuan eta aitortu duenez ez zuen kartzelaren historia ezagutzen ere. Kontatu beharreko pasartea iruditu zitzaion eta protagonista gehienak bizirik egoteko zortea izan zutela uste du. "50 urte geroago kartzelaren historia kontatu gabe egotea ez da oso egokia, eta hainbeste itxaron izana ere ez". Erraztasuna izan dute guztiekin egoteko eta hori "pozgarria" izan da. Amurizak, aldiz, beraiek nola jaso zuten kontatu du. Bilboko Kafe Antzokian batu ziren Zamorako preso ohi mordo bat eta dokumentala egin nahi zutela azaldu zioten. "Dokumentalean bertan agertzen denez, Josu Nabarainek esan zuenean 'tunel bat egin behar dugu' eta Jon Etxabek fantasia hutsa iruditu zitzaion. Horrelako zerbait gertatu zitzaigun". Egia esan, "utopia" iruditu zitzaion "gertatuko zenik ez nien gehiegi sinetsi". 

Urte askoko bidaia

Egitea lortuko zuen zalantzak izan zituela aitortu du Lizartzak, 6-7 urte behar izan baitituzte osatzeko. Bi bidaia proposatzen ditu lanak: historikoa, preso ohien elkarrizketen bidez eta 50 urte geroago kartzelara bueltatzen diren presoek egiten dutena. Amurizak du narratzaile papera, kartzela barruko lekuak azaldu eta bakoitzean gertatutakoa; baina protagonista kolektiboa da. 53 apaiz egon ziren preso, 35 bizkaitarrak, 6-8 gipuzkoar, gainerakoak Madril, Bartzelona eta Galiziakoak. Batzuk ez dituzte elkarrizketatu hilik daudelako, garrantzitsuak baziren ere, eta beste batzuk jaso arren, jada hil dira. Horri dokumentazioa eta animazioa gehitu diote, grabatzerik ez ziren zenbait gauza erakutsi egite dute.

Bigarren bidaia horren protagonistetako bat da Amuriza. "Emozio handia" sentitu zuen espetxera sartzean, berak bezala, ikus-entzunezkoan parte hartu zutenek ere pozik egin zutela uste du. Miren alaba dokumentalean agertzen ez bada ere, bertan egon zela ere argitu du. Lauak kartzelara eraman zituzten, 2019an. Bezperan iritsi ziren eta talde bat joan zen lokalizazio lanak egitera, eta haiek ere joan nahi zuten, "ume txikiak bezala". Baina ez zuten nahia betetzea lortu. Lehen erreakzioa grabatu ahal izateko, egun bat gehiago itxaron behar izan zuten. Baimenak lortzeko arazoak izan zituzten, baina hura gabe sartzeko prest zeudela ere kontatu du zuzendariak. 

Kontrastea lortzea zaila izan da, beste aldeari ere ahotsa eman nahi izan baitiote. Kartzelako funtzionario batek bakarrik eman du bere lekukotza. Dokumentazioari dagokionean, ez zuten arazo handirik izan ez zutelako artxibo berezirik behar izan, preso ohiek eman diete informazio asko, "milaka eta milaka orrialde eta notizia". Administraziori dagokionean, "[Fernando Grande-] Marlaskaraino iritsi behar izan zuten kartzelan sartzeko baimena lortzeko, eta eman zigun", zehaztu du Lizartzak.

Luze aritu ziren hizketan pasadizoak eta bizipenak azalduz.