'NEURE KABUZ'

Agur eliza katolikoari

Gorka Alvarez 2022ko mar. 18a, 07:30

25 eta 40 urte artean ditugunon gehiengo zabal baten kasuan,  eliza katolikoaren ohiko prozeduren barruan aurkitu genuen gure burua, bizitzako lehen urtea bete  aurretik. Beste hainbat gaietan bezala, ohituraren eta tradizioaren mesedetan, elizan bataiatuak izan ginen, urte batzuetara jaunartzea egin genuen eta batzuk nerabezaroan burutzen den  fedearen eta sinesmenaren baieztapen errituala ere egitera iritsi ginen. 

“Millenial”-en gehiengoak ordea,  kristau fedearen  sinesmenetik, elizaren praktiketatik eta azken batean  katolizismotik oso urrun kokatzen dugu gure burua. Inongo loturarik izan nahi ez duzun erakunde baten atzaparretan harrapatuta aurkitzen zara eta elizak ederki probesten du hori bere estatistikak erabiltzeko eta horrela datuetan  oinarritzen den  eta errealitatetik urrun kokatzen den gizartearen babesa, agerian uzten saiatzen da.

Ez naiz sartuko, eliza katolikoaren inguruan puri – puria-n  dauden hainbat gaiekin, agerikoak baitira eta lan handia daukagulako alor honetan egiteko batetik argitze prozesuetan, egindakoak onartu eta erreparatze bidean . .. Bestetik, horrelakoetan gertatzen den bezala, orokortzeko ohitura txarra izaten dugula ere azpimarratu nahiko nuke eta esan beharra dut erakundean bertan, fede onez eta modu onean auzo lanean aritutako jende asko ezagutzen dudala.

Soilik, hausnarketa prozesu kolektibotik, ekintza indibidualerako pausoan urratsak ematera gonbidatzea gustatuko litzaidake. Urteetan zehar izandako atxikimendu behartu horretatik, eta prozedura sinple eta azkar baten bidez, “Millenial”  generazioak ohituraz eta tradizioz elizarekiko izan dugun atxikimendu hori puskatzeko aukera mahai gainean jartzera nator. Askori burutik pasa zaiena, egiteko zintzilik izango dutena eta askotan prozedura zail eta aldrebesa dela entzun izanagatik atzeratu edo alboratu dutena. 

Prozedura erraza, sinplea eta azkarra da. Gehiago esango nuke, prozedura horretan egin beharreko pausoetan pertsona atseginak eta adeitsuak topatu ditut eta gauzak erraztu besterik ez dizkidate egin nahiz eta  erakundetik kanpo joateko eskaria burutzen aritu naizen. 

Familiarteko eta lagunei helarazterakoan, erantzuna ezin hobea izan da eta norberaren erabakiez haratago, talde hausnarketa  prozesu bat irekitzen denaren sentsazioa izan dut, nire barruan aspalditik nuen ideia berreskuratzera bideratu nindutenen kasuan bezalatsu.

Nik esan diot agur. Zuk zergatik ez?

Erlazionatuak