'NEURE KABUZ'

2022. urte osasuntsua

Gorka Alvarez 2022ko urt. 14a, 08:30

Atseden hartzeko egunak iritsi ziren abendu bukaeran. Kanpora joateko erabakia, pandemiak baldintzatu zuen. Leku lasai baten bila, ingurune naturaletara jotzeko hautua egin genuen. Itzuli eta lehen egunean omikron aldaera, ustez, etxera sartu zitzaigun. Azken asteetan izandako kutsatze kopuruaren gorakada ikusita, ez ginen harritu baina azken egunetan inorekin kontaktu esturik eduki ez izanak bai. Gabonetako elkartzeen ondoriotzat hartu genuen.

Momentu horretatik aurrera autoezagutzaren, automedikazioaren, autodiagnosiaren  eta ezjakintasunaren  eremuan mugitzen ibili gara etengabean.

Sintomekin usteak. Sintoma hauek bat egiten ote duten COVID-19arekin , besteren batean izandako hotzeria arruntenekin alderaketa, duela bi hilabete ere horrela  pentsatu eta beti emaitza negatiboa izan dugula, garrantziarik ez ematea, eta abar. Azken finean, azken hilabeteetan guztioi burutik pasa izan zaizkigun zalantzen nahaspila horretan sartuta ginen.

Gerora, batzuen positiboak eta besteen negatiboak eta bakoitzarenaren zergatia eta batzuei bai eta besteei ez,  horren alderaketa, zehazki gauza berdinak egin genituenean. Testen emaitzen ziurtasuna izan zen hurrengoa. Marratxoa agertzen da, ez da agertzen, zertxobait ikusten da. Autotest hauen eta hauek irakurtzen ditugun ezjakinon zalantzak.

Gero kontaktuak. Beno mendialdean egon gara eta bakarrik ibili garenez zalantzarik ez. Ez dugu kontaktu esturik atzera begirada honetan.

Egun batzuetara Osakidetzako froga. Ados, bagoaz gure positiboa ziurtatzera. Hiru egun eta ordu desberdinetan, ilaran PCRa;  ez, orain antigenoak direla eta aurrera. Zuk niri eta nik zuri egitea bakarrik falta zitzaigun haurrekin. Lehenarekin norberak berea eta haurrarena ahal zen moduan.

Bigarrenarekin, zutik haurra besoetan negar batean, aulkirik ez esertzeko eta sudurrean barrura badoa makila, halamoduz, froga bukatutakoan ongi egin ote duzunaren sentsazioarekin irteten zarelarik, autotest bat beharrean, haurrarekin egin duzuna San Martin bueltan txerriekin egiten dutenaren antzekoa izan delakoan. Gainera, ongi egin ote duzunaren zalantza horrekin.

Egunak etxean, zazpigarren eguna iritsi eta zalantzak. Sintoma gehienak desagertuta, positiboak ziurtatuta, ateratzeko eguna iritsi da baina... Dakien inork garbi ez du ezer esaten eta guk dakigun gutxi hori, zortzigarren egunean ateratzearena, aplikatzekotan. Bagoaz badaezpada testak egitera. Gure logikak noski positibo izango garela esaten digu. Frogak egin eta 3tik 4k egoera berdinean jarraitzen dugu. Normala da bai, baina lanera joatea egokitzen da. Osakidetzako argibideak hamargarren aldiz  irakurri eta kasuistika honentzat ez da ezer ageri. Anbulategira deitu eta horrela dela baieztatzen digute kasu hau ez dela agertzen azalpen orrian. Orain bai harridura. Egoera oso normaltzat jotzen baitugu zortzigarren egunean positibo izaten jarraitzea eta oporraldian egonda baja tramitatu ez genuenez, orain egin behar izatea pertsona askori emango zitzaion kasu bezela ikusten dugu.

Prozesu guzti honetan salba ditzakegunak, langileak eurak. Gu bezain galduta kasu askotan, kontraesanekin egunerokoan borrokan eta jendearen egonezin guztia kudeatu nahiean gure agintarien erabakien itsasoan ito beharrean, beti besteoi ez itotzeko txalekoak botatzen, tartean eurak egurrezko ohol baten gainean ikusten dituzularik, ur gainean mantentzeko lanak izaten ari diren bitartean.

Baliabideak behar ditugu berehalakoan, jada bi urte luzeetako aitzakiek ez dute balio. Erabil dezazue dirua mesedez lehentasun den eremura bideratzeko, arren.