Aukeratu dute datorren urteko Martxoaren 8a iragarriko duen kartela

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 10:31

Olatz Mendiak eta Lidia Mateosen afixak iragarriko du 2023ko Martxoaren 8ko ekintzen egitaraua. Bi lasarteoriatar horiek irabazi dute kartel lehiaketako lehen saria. Bigarrena, berriz, Jurgi Sukunza eta Miren Saroberentzat izan da, eta hirugarren saritua Eneritz Odriozola izan da.

Aurreko edizioetan baino askoz parte hartze handiagoa izan du aurtengo Martxoaren 8ko kartel lehiaketak. Ikastetxeen bidez zabaldu zuen deialdia Lasarte-Oriako Udalak, eta ikasle ugari animatu dira. 80 lan aurkeztu dituzte guztira. Hori dela eta egin dute sari banaketa Antonio Mercero gunean, parte hartzaile ugari bildu zitekeela aurreikusi dutelako. Ez da hala izan, ordea. Bost parte hartzaile bertaratu dira, eta horietako baten senide batzuk ere bai. 

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza ekitaldiari hasiera emateko. Parte hartze handiari egin dio azpimarra eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie. Jakinarazi du irabazlea aukeratzea "lan zaila" izan dela aurten. 

Sari banaketari ekin diote jarraian. Hirugarren saria banatu dute lehenik. Eneritz Odriozola izan da sariduna; 60 euro eskuratu ditu. Bigarrena, aldiz, Jurgi Sukunza eta Miren Saroberentzat izan da; 90 euro lortu dituzte. Hauek ezin izan dute sari banaketan egon. Olatz Mendia eta Lidia Mateos izan dira aurtengo lehiaketako garaileak; 120 euroko saria jaso dute.