Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituen jarduerak aurkeztu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 2a, 14:37

Adin-tarte guztiei zuzendutako egitasmoak antolatu ditu eta martxoaren 16ra arteko egitaraua osatu.

Lasarte-Oriako Udalak hainbat egitasmo iragarri ditu, Martxoaren 8a dela eta. Agustin Valdivia alkateak,  Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Lourdes Acevedok eta Emakumeen Zentroko arduradun Yoana Azpitartek eman dute horren berri asteon. Adierazpen bateratuaren berri, ordea, egunotan emango dute; Gizarte Zerbitzuetako batzordean aurkeztu eta onartu bezain laster helaraziko dutela iragarri dute.

Honako hau da prestatu duten egitaraua:

Martxoaren 1etik martxoaren 8ra, erakusketa

Martxoaren 8ko kartel-lehiaketako lanen erakusketa. Aurten ikastetxeek parte hartu dute, eta 100 lan baino gehiago jaso ditu udalak. Herritarrek lan horiek bozkatzeko aukera dute, Emakumeen Zentroan (17:00etatik 19:00era). Lan irabazleak, 2023ko Martxoaren 8a iragarriko du. 

Martxoaren 1etik 18ra, argazki erakusketa

Idoia Telleria Maritxalar argazkilaria, formatzailea eta bideratzaile lasarteoriatarrak Ni naiz, Idoia argazki erakusketa zabalduko du. Emakumeen ahalduntzeari eta nortasunari buruzko argazki eta bideozko proiektu pertsonala da, eta Antonio Mercero erakusketa-aretora joan beharko dira herritarrak hori ikustera, honako egun eta ordutegian: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. 

Martxoaren 5ean, zunba maratoia

Urteroko zumba maratoia egingo dute Okendo plazan, 10:15etatik 12:30era. Jarduera horri lotutako ohar bat zabaldu du udalak; aurten ez dute urik banatuko, beraz, parte-hartzaile bakoitzak bere botila eraman beharko du. Euria egingo balu, Loidibarrengo frontoian egingo dela ere iragarri dute.

Martxoak 8an, ostiralarekin, elkarretaratzea eta sari banaketa

Urtero bezala, Elkarretaratzea deitu dute, 12:00etan, Okendo plazan. 18:00etan, berriz, kartel lehiaketako sari banaketa egingo dute, Emakumeen Zentroan.

Martxoaren 9an, asteazkenarekin

Ikastetxeetako haurrak, Eidabe antzerki taldearen Piztu! EmakumeON energia antzezlana ikustera joango dira. Manuel Lekuona kultur etxean izango da, 11:00etan. 

Martxoaren 10ean, ostegunarekin

Ikastetxeetako haurrak ipuin kontaketa saioa izango dute Sorgina Txirulnaren eskutik. 

Martxoaren 11n, ostiralarekin

Helduentzako umorezko ikuskizuna iragarri dute. The Show Must go on obra eskainiko dute, kultur etxean, 19:30ean. Sarrerak salgai daude 3 euroren truke. 

Martxoaren 13an, igandearekin

Petite Maman  filma proiektatuko dute. Iazko Zinemaldian publikoaren saria irabazi zuen ama-alabei buruzko fabula bat da. Manuel Lekuona kultur etxean izango da, 19:30ean, eta sarrerek sei euro balio dituzte.

Martxoaren 16an, asteazkenarekin

Berdintasunari buruzko gaiak jorratzeko bideo foruma antolatu dute Biyak Bat zaharren egoitzan. 18:00etan izango da.