Ehunka herritarrek bat egin dute Lasarte-Oriako mugimendu feministaren aldarriekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 10:41

"Zaintza sistema publikoaren aldeko apustua" egiten du Lasarte-Oriako Mugimendu Feministak. Horren harira, azpimarratu du Lasarte-Oriako Udalak ez dituela hori bermatzeko behar bezainbeste baliabide ematen, ez dituela zaintzen, eta, "enegarrenez", berdintasun teknikaria eta saila eskatu ditu. "Erakutsi dugu ez garela cuatro y el del tambor, eta zarata asko ateratzeko prest gaudela; ea udaletxean baten bat horretaz konturatzen den". Ehunka herritar batu dira ekintzara; azken urteetako mobilizazio jendetsuena izan da.

Zapaltzen gaituen sistemari sua! Antolakuntza feminista gure garra lelopean, Lasarte-Oriako mugimendu feministak lau haizetara zabaldu ditu zaintzari eta berdintasunari buruzko aldarriak, erdigunean zehar. Cuatro y el del tambor esamoldeari (gaztelaniaz erabiltzen den esamolde bat da, jende multzo txiki bati erreferentzia egiteko), buelta ederra eman diote, danborrak soinean, eta Lasarte-Oriako Udalari adierazi ez direla lau, askoz gehiago baizik, eta prest daudela behar adina burrunba egiteko, haien eskaerak entzunak izan daitezen: berdintasun teknikari bat kontratatzea eta sail bat sortzea. Eskaera horiek bere egin dituzte ekintzan parte hartu duten ehunka herritarrek. 

Manifestariek ohiko ibilbidea egin dute: Okendo plazatik abiatu dira, Kale Nagusia zeharkatu dute Largoenea kaleraino, Ola kalera sartu dira gero, Kale Nagusira itzuli, Tajamar biribilgunean buelta eman, Pintore-Iñigo de Loiola-Geltoki igaro, eta Okendora itzuli. Elkarretaratzean izan direnek biribil erraldoi bat egin dute plazan, eta denak kokatu direnean manifestu bat irakurri dute mugimendu feministako kideek.

"Udalak ez gaitu zaintzen"

Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarriak bere egin ditu herrikoak, eta zaintza sistema publiko baten beharra aldarrikatu. "Zaintza, zein motza den euskaraz eta zein ondo sartzen den belarritik: kontzeptu horretaz modu abstraktuan hitz egitea ongi dago, baina materialki gauzatzeko baliabideak behar dira". Eragileko kideen aburuz, babes sareek eta tokian tokiko eragile feministek "ongi" erantzun diote pandemiak are gehiago hauspotutako egoerari, baina erakunde publikoek, aldiz, ez. "Aizue, gure udalak ez gaitu zaintzen: gaur-gaurkoz, Hondarribiarekin batera, antzeko baldintza demografikoak dituen Gipuzkoako herri bakarra gara berdintasun teknikaririk eta sailik gabe". 

Gogorarazi dute denbora daramatela berdintasunaren alorrean urratsak egiteko eskatzen, eta zehaztu "kezka areagotu" duela 2020ko martxoan lehertu zen pandemiak. "Gizarte zerbitzuetan gero eta pertsona gehiagok behar izan dute arreta, eta indarkeria matxista kasuei ezin erantzunda dabiltza bulegoan: Errenteriako zein Donostiako emakumeen etxeetara bideratu dituzte batzuk, beste batzuen salaketak erdibidean geratu dira, eta gure belarrietara iristen diren kexek eta eskaerek ez dute etenik". Egoera zaurgarri horretan dauden pertsonen egoerak okerrera egin duela salatu dute, eta eskatu begirada feminista "beste zerbitzu batzuetara" hedatu behar dela, hala nola aurrekontuak, hirigintza plana, kale izendegia eta hezkuntza, besteak beste. 

Ozen esan dute "nazkatuta" daudela zaintza modu abstraktu gisa ulertzeaz. "Ez ditugu nahi hitz ponposoak, udalak bizitza bizigarriak bermatzea baizik; denbora aurrera doa, eta gurean, zaintzaz ari garenean, bizitzez ari gara, jokoan daude. Zaintza erdigunean duen sistema publiko baten alde, gora borroka feminista!". Txaloek eta danbor hotsek hartu diete lekukoa hitzei. 

Amaitzeko, Kukuka Antzerki Ta Dantza Eskolako ikasle talde batek emanaldia egin du, plazan bertan.