Lasarte-Oriako Udalean berdintasun teknikari postua sortzeko eskatuko dute oposizioko alderdiek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 8a, 20:00

Ezker-eskuin: Estitxu Alkorta (EAJ-PNV), Tania Rodriguez (ELOP) eta Uxue, Loinaz, Sandra Barkaiztegi eta Estitxu Garmendia (EH Bildu).

Udal korporazioak ostegun honetan egingo du martxoko ohiko udalbatzarra. EH Bildu, EAJ-PNV eta ELOP alderdiek mozio bateratu bat aurkeztea erabaki dute, Lasarte-Oriako Udalean berdintasun teknikariaren postua sortzea "funtsezkoa" dela aldarrikatzeko. Honako hau adostea eskatuko dute: lanpostu hori eratzea, eta pertsona bat kontratatzea herriko berdintasun plana abian jarri eta egikaritzeko.

Hiru alderdietako ordezkariek nabarmendu dute "urratsak" egin direla parekidetasunaren alorrean, baina oraindik ere "hainbat erronka" dituela aurretik Lasarte-Oriak, "ezinbestekoak diren eskubideen aldeko borrokan". Instituzioek "berdintasun politiketan pauso sendoak emateko ardura" dutela adierazi dute, eta "neurri zehatzak hartzea" galdegin, "betiko adierazpen instituzionalez harago". Norabide horretan, herrian gertatzen dena salatu dute: "Lasarte-Orian nabarmena da berdintasun politika integralak abian jartzeko ezintasuna: biztanle kopurua kontuan izanda, Gipuzkoan teknikaririk ez duen herri bakarrenetakoa da". Horrek "hainbat ondorio" dakartzala zehaztu dute, hala nola Lasarte-Oriako berdintasun plana ezin egikaritzea eta indarkeria matxisten kasuei "behar bezala" ezin erantzun ahal izatea. 

"Aldarria ez da berria"

Gogorarazi dute berdintasun teknikariaren lanpostua sortzearen aldarria ez dela berria: "Herriko mugimendu feministek, herriko ikastetxeek, norbanakoek...exijitu diote udalari pertsona bat kontratatzeko, baina ez die inolako erantzunik ematen". Egoera "kezkaz" bizi dutela azpimarratu dute, eta "ezinbestekoa" iruditzen zaie berdintasun politika integral eta zehatzak martxan jartzea, "lehenbailehen". Horretarako, mozio bat aurkeztuko dute etziko udalbatzarrean, eta korporazioari honako hau onartzea eskatuko: berdintasun teknikariaren postua sortzea, eta behargin bat kontratatzea Lasarte-Oriako berdintasun plana abian jarri eta egikaritzeko. 

Hori adostea abiapuntua baino ez dela esan dute: "Bide horretan urratsak egin eta Lasarte-Oria parekideago bat izateko bidean, berebizikoa da lehen pauso hori ematea. Alor horretan ezinbestekoak diren eskubideak erdiesteko ditugun erronkei erantzuteko garaia da". 

Erlazionatuak