Idoia Telleria Maritxalar: "Erakusketa honetan nire barne galderen erantzunak daude"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mar. 4a, 11:34
Lan pertsonal bat aurrenekoz erakusten ari da lasarteoriatarra, non eta herrian bertan.

IDOIA TELLERIA MARITXALAR - ARGAZKILARIA

Ni naiz, Idoia izeneko erakusketa ondu du argazkilari lasarteoriatarrak. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira udalak antolatutako egitarauaren barruko jarduera da. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara bisita daiteke, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Antonio Mercero gunean bertan jarri dugu hitzordua Idoia Telleria Maritxalar argazkilariarekin. Bere aurpegietako bat ezagutu dugu, eta esan behar dugu plazera izan dela. Beste hainbat Idoia jarri ditu hormetan ikusgai, hamabi iruditan, Ni naiz, Idoia erakusketan. Proiektu "oso intimo eta pertsonala" da egilearen hitzetan; hala iradokitzen du argiztapenak. Bertaratzeko asmoa dutenentzat, bi ohar: erakusketa ikusteko azken eguna hilaren 18a da, eta eskuin aldetik ekin behar zaio artistak proposatzen duen bideari.

Martxoaren 1ean inauguratu zenuen erakusketa. Zer moduzko eguna izan zen?

Urduri sentitu nitzen, eta emozioz gainezka aldi berean. Ezjakintasun apur bat ere banuen, lehen aldiz egin dudalako hau, nire proiektu pertsonal bat jendaurrean erakustea. 

Ikusleek zer esan dizute?

Grazia apur bat egin didate jaso ditudan iritziek, bakoitzak bere erara interpretatu duelako lana: 'Argazki batzuk ulertu ditut, besteak ez, bideoa oso polita da eta oso ondo dago...'. Normala da ikus-entzunezkoaren zentzua azkarrago harrapatzea, horretarako egin dudalako, Inge Mendiorozen laguntzarekin, baina argazkien helburua, aldiz, ez da izan hartzaileek erraz eta azkar ulertzea. Proiektu pertsonala da Ni naiz, Idoia, intimoa. 

Zer erakutsi nahi duzu Ni naiz, Idoia lanaren bidez? 

Nire barne galdera askoren erantzunak daude hemen, alor hauei buruzkoak: aldaketa pertsonal eta profesionalak, emakume izatea, ama izatea, nire sustraiak, nondik natorren eta nora noan... Idoia desberdin asko erakusteko ariketa egin dut: hamabi irudi sortu ditut, barruan mugitu zaidan guztiari erantzuteko nahitik abiatuta.

Argazkiak naturan egin ditut, espazio horrekin asko konektatzen dudalako. Lana bakar-bakarrik egin dut, inork ni ez epaitzeko asmoz, ezta nik neuk ere, hori egiten duen lehenengoa bainaiz. Nire burua autoerretratatu nahi nuen, baina kamera askatu gabe. Orain arte, ni egon naiz beste aldean, pertsonak fotografiatzen.

"Argazkiak naturan egin ditut, espazio horrekin asko konektatzen dudalako"

Nolakoa izan da ikuspuntua aldatzeko ariketa hori? 

Desberdina eta zaila, ez delako batere erraza zure burua ikusten ikastea. Argazkilaritza terapeutikoaren metodologia landu eta beste pertsona batzuei helarazi ahal izateko, ezinbestekoa iruditu zitzaidan lanketa hori lehenengo niregan egitea.

Argazkilaritza terapeutikoa aipatu duzu. Zer da hori? 

Pertsona batek, irudiaren bidez, tresna bat izatea bere burua ezagutzeko, ongizate pertsonala lortzeko, barne emozioekin konektatzeko... Iruditzen zait, askotan, zailagoa dela sentitzen duguna hitzez adieraztea, irudien bitartez baino. Niretzat, adibidez, errazagoa da ariketa hori egitea lengoaia bisuala erabilita. Lanketa hori pertsonekin egitea oso interesgarria da. Haurrek, esate baterako, gaitasun izugarria dute irudietatik abiatuta istorio berriak sortzeko.

Uste duzu gizartearentzat, oro har, arrotza dela kontzeptu hori? Ohikoagoa da argazkiek funtzio estetikoa edo dokumentala ematea, bi adibide jartzearren.

Bai, ezezaguna da askorentzat, baina merezi du. Argazkilaritza terapeutikoaz ari naizenean, esan nahi dudana da irudiek badutela gaitasuna ongizatea, ahalduntzea eta antzeko ezaugarri positiboak sentiarazteko ikusleengan, kontua ez da horrekin terapia prozesu oso bat egitea, ez da horretarako. Kontzeptu antzekoak dira, baina ez berdinak.

"Argazkilaritza terapeutikoaz ari naizenean, esan nahi dudana da irudiek badutela gaitasuna ongizatea, ahalduntzea eta antzekoak sentiarazteko ikusleengan"

Bartzelonan egin zenuen graduondokoan ezagutu zenuen ideia hori? Amaierako proiektu gisa aurkeztu zenuen orain herrian erakusten ari zaren lana.

Argazkilaritza soziala egin nuen 20 urtez, estudioetan-eta lanean. azkena 2015ean utzi nuen. Orduan, urtebetez, utzi egin nuen nire lana, ez nekien zer egin, banandu egin nintzen, une pertsonal zailak izan ziren... Gogo gutxirekin sentitzen nintzen, beste zerbaitetan hasi nintzen lanean, baina, hala ere, ez zitzaidan burutik joaten nik ongien egiten dudana pertsonak erretratatzea dela. Hori banekien, baina nondik aritu nahi nuen, eta nola?

Hernaniko Iturolan eta KoopFabrikan formatzen hasi nintzen, nire proiektua lantzen, eta emakume batzuei egin nizkien erretratuez osatutako lan bat egin nuen. Bien bitartean, sarean begiratu nuen nola uztar nitzakeen argazkilaritza eta horren bidez ongizatea sortzea, eta Irudiaren Pedagogia Bisual eta Terapeutikoa graduondokoa topatu nuen. 'Aiba, hau bai, hau da nik nahi dudana!', pentsatu nuen. Beka eskuratzeko asmoz, lana aurkeztu, eta saritu egin zuten. 

Ez zait ahaztuko irakasleak esan zidana lehen eskola egunean: 'Ongi etorri argazkilaritzaren beste aurpegira, B aldera'. Harritu egin ninduen horrek, hankaz gora jarri zidan dena, eta argazkiak egiteko beste modu bat lantzen hasi nintzen. Emakumeen erretratuak aztertu nituen irakaslearekin batera, eta hark esan zidan: 'Konturatzen zara pertsona hauek guztiak zure isla direla, ezta?'. Txikituta utzi ninduen, eta ohartu nintzen nire barne galdera askoren erantzunak proiektatzen zirela haiengan. Magikoa iruditu zitzaidan, eta orain, metodologia hori edozein hartzaileren eskuetan jarri nahi dut.

Ari zara horretan, ezta? Emakume taldeekin tailerrak egiten dituzu.

Bai. Hasieran harritu egiten dira, baina intriga dute, ikusi nahi dute ea zer lantzeko gai diren irudien bidez. Segituan lotzen dituzte tailerra eta ahalduntzea eta emozioen kudeaketa lantzea. Ikasten dute elkarri komentarioak egiten, eta jabetzen dira sortzen dituzten irudien atzean dagoenaz. Norbere burua ezagutzeko, ahalduntzeko, elkarri eusteko, elkarrekin indartsuago izateko bidea da argazkilaritza terapeutikoa. Hala ere, nahiko nuke beste talde batzuekin ere lan egin, nerabe eta gazteekin, adibidez.

Saio hauetan, partaideei beti esaten diet irudietako erantzunak ez dizkiedala nik emango, haiek aterako dituztela. Abiapuntua da irudi plastiko bat sortzea, sakelako telefonoaren kamerarekin kasu honetan, eta hortik egitea lanketa. Zarautzen egin nuen tailer batean, adibidez, kideetako batek esan zidan hunkituta zegoela, lehenengoz ari baitzen bere burua ezagutzeko tartea hartzen.

Bestalde, Baginen Bagara erakusketari lotuta, lau saio ditut lotuta, familiekin. Bi egin ditut, eta beste bi falta zaizkit. Haurrak izugarriak dira, segituan hartzen dute ideia eta perla ederrak botatzen dituzte tailerretan.

Erakusketa honetan, argazki batzuek tamaina handiagoa dute besteek baino. Zer dela eta? 

Egia da, irudi batzuek presentzia handiagoa dute, oso esanguratsuak dira. Hala ere, beste batzuk txikiagoak izanagatik, ez dira garrantzi gutxiagokoak: ezker aldeko triptikokoetan, adibidez, nire barrenak daude, sustraiak, askatasun beharra, emakumeen eta gizonen arteko elkarrizketa bat ere badago... Konturatu naiz lehenengoz ari naizela nire lanari buruz horrela hizketan!

Zuri-beltzak dira hamabi irudiak, eta esposizio bikoitzaren teknikaren bidez eginak. 

Askotan esaten dut beltz, ilun samarra naizela (barreak). Izugarri gustatzen zait zuri-beltza, nitaz hitz egiteko garaian hizkuntza hori erabiltzen dut, eta orain arteko lan gehienetan ere bai. Esposizio bikoitza nire galderei erantzuteko modu gisa erabili dut: nire burua non erretratatu erabaki eta gero, jolas moduan, basoari egiten nion galdera argazki batekin, eta berak erantzun egiten zidan, beste batekin. Irudi plastiko bat sortzen da horrela, fusio bat. Argazkiak egin eta gero, denbora batez ordenagailuan uzten nituen, eta gero editatzen nituen.

"Izugarri gustatzen zait zuri-beltza erabiltzea argazkietan; nitaz hitz egiterakoan, hizkuntza hori erabiltzen dut"

Natura, basoak... Non atera dituzu argazkiak? 

Cabo de Gatan (Almeria) batzuk, Artikutzan beste batzuk... Toki hori oso esanguratsua da niretzat, ama nafarra delako eta aita gipuzkoarra; Artikutza bien arteko mugan dago, eta horrek esanahia du niretzat. Nafarroara noanean, beste Idoia bat ateratzen zait, astoagoa, baina hori ere gustatzen zait (barreak). Isaban (Nafarroa) ere izan naiz, Idoia izenaren jatorria arakatzen, bertakoa baita Idoiako ama birjina. Hein batean, berriz bataiatzea bezala izan da: putzu txiki batean sartu nintzen, kamera eskuetan, izoztuta zegoen! Irristatu eta ia-ia hondatu egin zen kamera, oso berezia izan zen une hori.

Eguneko une jakinen batean egin zenituen argazkiak?

Gehienetan, eguzkia ezkutatu aurreko 30-45 minutuetan, argi hori oso berezia da eta asko gustatzen zait eguna itzaltzen ari den une hori. Horregatik diot nahikoa iluna naizela, oso eroso sentitzen naiz. 

Hamabi irudiez gain, ikus-entzunezko bat ere prestatu duzu.

Bai. Behirada bideoak-eko arduradun Inge Mendiorozek lagundu dit. Pieza horri nire ahotsa jartzearena, adibidez, azken orduko gauza izan da, nik ez dut inoiz lokutatu, ez dut idatzi, argazkiak ikusi eta berehala egindako hausnarketak pasa nituen paperera. Zentzu horretan, asko pentsatu gabe egindako ariketa da, barru-barrukoa, eta asko gustatu zait. Buelta gehiago emango banizkio, dena aldatuko nukeen!

Lan pertsonal bat erakusten duzun lehen aldia da. Non eta zure herrian. 

Berezia izan da, nire jendearen aurrean lan hau erakustea, egia esan emozionantea da. Irekieran urduri sentitu nintzen, baina eroso ere bai, goxo. Egia esan, hasieran uste baino dimentsio gehiago hartu du proiektuak.

A bai? Nolatan?

Laborategiarekin lan egitean, irudiak inprimatu eta irudiak aukeratzerakoan, ikusi nuen erakusketak hasieran espero baino presentzia handiagoa izango zuela; ordura arte ez nuen baztertzen taberna batean ikusgai jartzea, esaterako. Laborategikoarekin hitz egin, eta hark esan zidan kentzeko burutik ideia hori, beste espazio bat behar zuela Ni naiz, Idoia-k. 

Hilaren 18ra arte egongo da Lasarte-Orian ikusgai. Beste herri batzuetara eraman nahi duzu ondoren?

Bai, gustatuko litzaidake. Zerrenda bat egin dut toki posibleekin, eta hasi naiz hariak mugitzen.

"Emozionantea da lan pertsonal bat aurrenekoz herrian erakustea; urduri sentitu nintzen inaugurazioan, baina eroso ere bai, goxo"