Esperimentazio eta ahalduntze ariketa pertsonal bat, argazkien bidez

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 2a, 14:36

Ni naiz, Idoia argazki eta bideo erakusketa ondu du Idoia Telleria argazkilari lasarteoriatarrak. Atzo iluntzean inauguratu zuen, eta jendetza bertaratu zen herritarraren "orain arteko lan pertsonalena" ezagutzera. Antonio Mercero gunean dago, eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara bisita daiteke, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara zein 18:00etatik 20:00etara. 

Argazki kameraren aurrean biluzteko ariketa egin du Idoia Telleria herritarrak, eta Ni naiz, Idoia izeneko erakusketa ondu. Egileak atzoko ekitaldian azaldu zuenez, beraren ni guztiak aztertzen ditu: "Idoiaren emakume izatea, jatorria eta identitatea". Proiektua "oso pertsonala" dela eta naturarekin konektatzeko prozesua izan dela nabarmendu du, bere barne galderei erantzuna bilatzeko modu bat. Teknikari dagokionez, autoerretratuekin jolastu du, eta esposizio bikoitzarekin, naturako elementuak eta argazkilariaren gorputza fusionatuz. Zuri-beltzeko argazkiak erabili ditu, ikusleek irudien funtsari errepara diezaieten, eta ez daitezen despistatu, koloreak zenbaitetan hori eragin baitezake. 

Argazki terapeutikoen kontzeptua aipatu zuen egileak, "pertsonei ongizatea eragiteko modu bat, eta autoezagutza eta ahalduntzea sustatzekoa". Jakinarazi du Antonio Mercero gunera ekarri duen lana Bartzelonan ikasitako graduondo bateko azken lana izan dela. Argazkiez gain, bideo bat ere prestatu du herritarrak, Inge Mendioroz sortzailearen laguntzarekin. 

Martxoaren 18ra arte

Telleria hunkituta zegoen irekiera ekitaldian. Nabarmendu zuen "oso berezia" zela bere lehen erakusketa jaioterrian erakutsi izana. Eskerrak eman zizkion laguntzaile izan dituen guztiei, eta baita Lasarte-Oriako Udalari ere, azpiegiturarekin laguntzeagatik.

Ni naiz, Idoia bisitatu nahi duten herritarrek hilaren 18ra arte izango dute hori egiteko aukera. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara joan ahalko dute, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, udalak prestatu duen egitarauaren jardueretako bat da. Telleriak esan zuenez, Lasarte-Orian erakutsi eta gero beste herri batzuetara joateko asmoa du.

Erlazionatuak