COVID-19

Seigarren olatuaren eragina gero eta apalagoa da Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 7a, 14:54

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak otsailaren 3tik 6ra arteko datu epidemiologikoen berri eman dute. Tarte horretan 79 kutsatze atzeman dituzte Lasarte-Orian, eta azken hamalau egunetan, 511. Intzidentzia tasa metatua 2.683,09koa da 100.000 biztanleko, duela bost egun baino 600 puntu baxuagoa.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, gure herrian 5.381 kutsatze atzeman dituzte. Birusak infektatu dituen herritar ia guztiak sendatu badira edo bidean badaude ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Pandemia hasi zenetik, aurtengo urtarrilean atzeman dituzte kasu gehien: 2.120. 

Eskualdeko sei udalerrietan 366 kasu diagnostikatu dituzte ostegunetik igandera: 97 Hernanin, 79 Lasarte-Orian, 71 Andoainen, 44 Usurbilen, 42 Astigarragan eta 33 Urnietan.