COVID-19

COVID ziurtagiria indargabetu dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 4a, 09:32

Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez iragarri duenez, herritarrek ez dute COVID ziurtagiria erakutsi beharko eremu bakar batean ere, gaurtik aurrera. Asteon, EAEko Auzitegi Nagusiak ukatu egin du agiri horren indarraldia luzatzea, eta Lakuak iragarri errekurtsorik ez diola jarriko erabakiari. 

COVID ziurtagiria eskatzen jarraitzeko epea luzatzearen eta eremu gehiagotan eskatzearen aurka egin du EAEko Auzitegi Nagusiak asteon, eta, hortaz, indarrik gabe geratu da neurri hori erkidegoan gaurtik, eta baita Lasarte-Orian ere. Luis Garrido buru duen auzitegiak argudiatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela "behar bezala" justifikatu ziurtagiriaren eraginkortasuna kutsatzeak saihesterako orduan, eta aurreko aldietako eskaera ia bera aurkeztu duela.

Espazio berrietara zabaltzeari buruz, auzitegiak adierazi du "nabarmen" jaisten ari direla intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa, eta hori kontuan izanda, "nekez" justifika daitekeela "oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat espazio berrietara zabaltzea".