COVID-19

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu COVID ziurtagiriaren luzapena

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ots. 1a, 12:53

COVID ziurtagiria eskatzen jarraitzeko epea luzatzearen eta eremu gehiagotan eskatzearen aurka egin du EAEko Auzitegi Nagusiak eta, beraz, indarrik gabe geratu da neurri hori erkidegoan, eta baita Lasarte-Orian ere. Luis Garrido buru duen auzitegiak argudiatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela "behar bezala" justifikatu ziurtagiriaren eraginkortasuna kutsatzeak saihesterako orduan, eta aurreko aldietako eskaera ia berdina aurkeztu duela. 

Espazio berrietara zabaltzeari buruz, auzitegiak adierazi du "nabarmen" jaisten ari direla intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa, eta hori kontuan izanda, "nekez" justifika daitekeela "oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat espazio berrietara zabaltzea".

Jaurlaritzak, oraingoz behintzat, ez du zehaztu erabaki horri errekurtsorik jarriko dion ala ez.