COVID-19

Astelehenetik asteazkenera 177 kutsatze atzeman dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 27a, 12:53

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urtarrilaren 24tik 26ra arteko datu epidemiologikoen berri eman dute. Tarte horretan 177 positibo diagnostikatu dituzte Lasarte-Orian, eta azken hamalau egunetan, 814. Intzidentzia tasa metatua 4.274,09koa da 100.000 biztanleko.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, gure herrian 5.210 kutsatze atzeman dituzte. Birusak infektatu dituen herritar ia guztiak sendatu badira edo bidean badaude ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Oraingoz, aurtengo urtarrila izaten ari da kasu gehien atzematen ari diren hilabetea: hilaren 26ra arte, 1.935 positibo.

Eskualdeko sei udalerrietan 733 kasu zenbatu dituzte astelehenetik asteazkenera: 181 Hernanin, 177 Lasarte-Orian, 166 Andoainen, 83 Astigarragan, 69 Usurbilen eta 57 Urnietan.