Lehen saio horretara joan ez zen elkarte edo norbanakoren batek parte hartu nahiko balu, euskaltegiko kideekin jarri beharko luke harremanetan. "Lasarteoriatar guztiak animatzen ditugu etortzera, Korrika denona da eta antolatuko ditugun ekintzak guztiontzat izango dira; polita eta garrantzitsua da ahalik eta lagun gehienek parte hartzea".
Horrez gain, Muntteri-AEK euskaltegiko kideek ezagutarazi dute dagoeneko eros daitezkeela 22. Korrikan parte hartzeko petoak, bost euroan, eta baita material gehiago ere: kamisetak, jertseak, biserak... Ibilbideko kilometroak, berriz, otsailaren 1etik aurrera erreserbatu ahalko dituzte eragileek. "Dagoeneko jaso ditugu eskaera batzuk, eta poztu gara, horrek esan nahi duelako gogotsu daudela".
Martxoaren 31tik apirilaren 10era
Amurrion hasiko da 22. Korrika, Araban, martxoaren 31n, eta 11 egun geroago iritsiko da lekukoa helmugara, Donostiara, Gipuzkoako hiriburura. Bien bitartean, 2.180 kilometro egingo dituzte euskararen alde milaka lagunek. Esan bezala, Lasarte-Oriara apirilaren 8an iritsiko da, ostiralarekin, goizean goiz: AEK-k argitaratutako ordutegi zerrendaren arabera, 07:11n. Usurbildik etorriko da lekukoa, eta herria zeharkatu eta gero, Urnietarantz joango.
AEK-k Hitzekin leloa aukeratu du 22. Korrikarako. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu ditu, "euskararen alde egindako lan guztiagatik".