COVID-19

Lasarte-Orian 73 kutsatze baieztatu dituzte astelehenetik asteazkenera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 16a, 13:18

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 13tik 15era arteko datu epidemiologikoak eman dituzte. Horien arabera, Lasarte-Orian 73 kutsatze zenbatu dituzte tarte horretan, eta azken hamalau egunetan, 244. Intzidentzia tasa metatua 1281,18 da, gure herrian inoiz erregistratu duten altuena.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.591 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamahiru. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza mankomunitatea osatzen duten udalerrietan 205 positibo diagnostikatu dituzte astelehenetik asteazkenera: 73 Lasarte-Orian, 69 Hernanin, 36 Usurbilen, hamalau Urnietan, zazpi Astigarragan eta sei Andoainen.