COVID-19

COVID ziurtagiria eremu gehiagotan eskatuko dute gaurtik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 15a, 12:15

COVID ziurtagiria esparru gehiagotan eskatzeari baietz esan dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu du hori baimentzen duen dekretua. Hala, taberna eta jatetxeetan, ospitaleetan, kiroldegi eta gimnasioetan, zahar etxeetan, zentro soziosanitarioetan eta kultur ekitaldietan erakutsi beharko da; aire zabaleko kirol ekitaldietan, ordea, ez. Neurriak 300etik gorako intzidentzia tasa metatua duten udalerriei eragingo die, eta 2022ko urtarrilaren 31ra arte egongo da indarrean, printzipioz.

Auzitegiak zehaztu duenez, 12 urtetik beherako haurrek ez dute ziurtagiria erakutsi beharko, eta dokumentu hori beharrezkoa den establezimenduetako beharginek ere ez. Eremuetako titular diren guztiek eskatu ahalko dute agiria, eta poliziak ere izango du horretarako eskumena, lokalera sartuz gero. Herritarren batek erakusteari uko eginez gero, jabeek ezingo diote sartzen utzi.