COVID-19

Baimena lortuta, COVID ziurtagiria eskatuko dute EAEn

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 30a, 14:40

Hasieran ezetz esan bazuen ere, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zion COVID ziurtagiria eskatzea baimendu ez zuen erabakiari, eta oraingoan arrazoia eman dio Espainiako Auzitegi Gorenak. Horrez gain, osasun larrialdia berraktibatuko dutela iragarri du Osasun sailburu Gotzone Sagardui-k, baina oraindik ez du zehaztu noiz eta nola.

"Egokia, beharrezkoa eta proportziozkoa". Adjektibo horiekin justifikatu du Espainiako Auzitegi Nagusiak hartu berri duen erabakia: baimena ematea COVID ziurtagiria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskatzeko, baldin eta hiru lurralde horietako udalerrien intzidentzia tasa metatua 150 baino gehiagokoa bada. Lasarte-Orian, gaur-gaurkoz, 483,07 da. 

Diskoteka, dantzaleku, karaoke, eta hirugarren kategoriako tabernetan eskatuko dute COVID ziurtagiria, eta baita 50 pertsona baino gehiagorentzat tokia duen jatetxeetan ere. Establezimenduetako langileek arduratu beharko dute horretaz.

Osasun larrialdia, atzera ere

Osasun sailburu Gotzone Sagardui-k agerraldia egin du gaur prentsaren aurrean, eta iragarri du jaurlaritzak osasun larrialdia aktibatuko duela atzera ere, indargabetu eta bi hilabete igaro ez direnean. Egoerak txarrera egiten jarraitzen duela argudiatu du, eta zenbait datu eman: Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 49 paziente daude, neurriak gogortzeko 50eko mugatik oso gertu, eta 1.274 kutsatze atzeman zituzten atzo EAEn; 60 pertsona ospitaleratu zituzten. 

Oraindik zehaztu ez dutena da noiz eta nola berrezarriko duten egoera hori. Bien bitartean, gaur egun indarrean dauden neurriak errespetatzea galdegin die Sagarduik herritarrei.