COVID-19

Lasarte-Orian 37 kutsatze zenbatu dituzte azken lau egunetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 29a, 15:43

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 25etik 28ra arteko datu epidemiologikoak argitaratu dituzte. Lasarte-Orian 37 kasu baieztatu dituzte ostegunetik igandera, eta azken hamalau egunetan, 92. Intzidentzia tasa metatua 483,07 da. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.314 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik hamabi. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza mankomunitatea osatzen duten udalerrietan 262 positibo diagnostikatu dituzte azken lau egunetan: 89 Andoainen, 87 Hernanin, 37 Lasarte-Orian, 21 Usurbilen, hemeretzi Astigarragan eta bederatzi Urnietan.