COVID-19aren eragina apaltzen saiatzeko indarrean dauden osasun neurri orokor ia guztiak indarrik gabe geratuko dira ostegun honetan. Eusko Jaurlaritzak argitaratuko duen dekretua orduan sartuko da indarrean, eta gizarteak ia ahaztuak dituen zenbait jarduera pandemiaren aurreko erara egin ahal izango ditu, baina ez erabat, beharrezkoa izango baita musukoa erabiltzen jarraitzea espazio itxietan, eta irekietan ere bai, metro eta erdiko distantzia mantentzea posible ez denean. Era berean, barrualdean aurrera eramaten diren 5.000 pertsonatik gorako jardueretan %80koa izango da edukiera maximoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak eman du horren berri, LABI aholku batzordearen "azken bileraren" ostean. Ez du zehaztu aurreko paragrafoan zerrendatutako neurri horiek noiz arte mantenduko dituen. Agerraldia hasi eta berehala COVID-19agatik hil diren pertsonei eta senideei zuzendu zaie: "Dolumina, hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi nahi diegu, ez dugu haien sufrimentua ahaztuko". Iragarri du koronabirusa "gaixotasun endemikotzat" har daitekeela aurrerantzean. "Horrek esan nahi du infekzio berrien kopurua egonkor mantentzen dela denboran zehar, nahiz eta agerraldi puntualen bat gerta daitekeen".
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) "fase berri bati" ekingo badio ere, "birusaren aurkako borroka" amaitu ez dela ohartarazi du Urkulluk. "Mehatxuak ez dira desagertu: ezin dugu birusaren jokabidea aurreikusi; planeta osoan gabeziak daude txertaketari dagokionez; eta immunitate naturalak zehazki zenbat irauten duen ez dakigu".
Biziberri IV planeko helburuak bete direla uste du lehendakariak. Goraipatu du EAEk "herrialde aurreratuenen mailan" erantzun diola pandemiari. Bidenabar, eskerrak eman dizkio gizarteari: "Lorpen kolektiboa izan da".