Zezensuzkoekin agurtu da LOZET

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 20a, 21:04

Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, berriz ere kaleetan barrena ibili dira Lasarte-Oriako erraldoi eta buruhandiak arratsaldean. Pintura tailerrean ere trebezia handia erakutsi dute etxeko txikiek eta egunari agur esateko, zezensuzkoak ibili da Kale Nagusian gora eta behera

Pintura tailerrarekin eman diote ongietorria gaztetxoek arratsaldeari. 16:00etatik 17:00etara Loidibarren pilotalekuan arte lan ederrak egiten aritu dira eta lan horiek amaituta, berriro ere kalejirara irten dira erraldoi eta buruhandiekin. Gautxori txarangak girotu du desfilea, eta goizean bezala, haur eta guraso ugari batu dira deialdira. Loidibarren pilotalekutik, Sasoeta auzora joan dira; dantzan, giro bikainean. Jaizkibel eta Andatza plazetan geldialdiak egin eta Tajamarreko biribilgunea hartu dute Okendo plazara heltzeko. Bertan zeuden ordurako Sorgin Dantzako kideak; Ttakun Kultur Elkarteak ere ospakizun eguna izan baitu. 30. urteurrena ospatzeko hainbat egitasmo antolatu ditu gaur, horien arten aipatu dantza. Bi elkarteek bat egin eta Sorgin Dantzako kideek eta erraldoi eta buruhandiek kalejira bat dantzatu dute elkarrekin. 

Eguna behar bezala amaitzeko, erraldoi eta buruhandiak agurtu eta lau zezensuzko atera dituzte kalera. Udaletxe zaharretik, Kale Nagusian barrena ibili dira gaztetxoen atzetik joan-etorrian. Korrika saio ederrak egin dituzten lasarteoriatar gazteek, su-txinpartetatik ihesi.