Merezitako harrera egin diete erraldoi eta buruhandiei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 20a, 14:20

Lasarte-Oriako Erraldoien eta Zezensuzkoen Taldeak (LOZET) herriko kaleak alaitu ditu gaur. Taldea ezagutarazi asmoz, kalejira ederra egin dute Blas de Lezo-tik, Loidibarren pilotalekuraino. Herriko haur eta guraso ugari batu dira egitasmora eta merezitako harrera egin diete erraldoi eta buruhandiei. Arratsaldean ere izango dira hainbat jarduera

Lasarte-Oriako haurrak herriko erraldoi eta buruhandiak ikusteko irrikatan zeuden. Antzeman da gogo hori gaur goizean egin dieten harreran. Urduri, zirraraz beteta gerturatu dira Blas de Lezo kalera. 11:00etarako zegoen hitzordua eginda, eta puntu-puntuan irten da erraldoi eta buruhandi taldea herriko kaleak alaitzera. Ttirriki-Ttarraka-ko musikariak izan dituzte ondoan; eurak arduratu dira saioari doinua jartzeaz.  

Geltoki kalean barrena, Okendo plaza atzealdera iritsi dira. Bertan egin dute lehen geldialdia, dantza eta guzti. Gogotik astindu dituzte gorputzak erraldoiek, eta bizkarrak ederki berotu buruhandiek; Askatasuna parkeko zelaietan eurengandik ihesi zihoazen haurren atzetik ibili dira. 

Lehen geldiunea eta gero, Isla plazan barren iritsi dira Kale Nagusira, eta, handik, zuzenean hartu dute helmugarako bidea. Loidibarren pilotalekura iritsi dira gaztetxo eta gurasoek lagunduta. Harmailak bete-beteta egin du taldearen aurkezpena LOZETek. Kontatu dute Lasarte-Oriako egitasmoetan parte hartzeaz gain, inguruko herri eta hirietakoetan ere aritzen direla, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako erraldoi eta buruhandiekin batera topaketa bat antolatzeko asmoa ere agertu dute, besteak beste. Txalo zaparrada entzutetsuarekin eskertu diete bertaratu diren familiek goizeko saioa. 

Arratsalderako ere antolatu dituzte jarduera bat baino gehiago. Pintura tailerra izango da 16:00etatik 17:00etara Loidibarren pilotalekuan. Ostean, berriro ere kalejiran irtengo dira Gautxori txarangak lagunduta eta egunari amaiera emateko, zezensuzkoa ibiliko da Kale Nagusian barrena.