'Bizikidetzarako memoria' erakusketa ireki dute: ezagutzeko, hausnartzeko eta jarduteko espazio bat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko aza. 3a, 16:30

Bizikidetzarako memoria erakusketa ondu du Lasarte-Oriako Bizikidetza Foroak. Astearte iluntzean inauguratu du, eta jakin-min izugarria piztu, txiki geratu baita Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoa. Lasarte-Orian eta Euskal Herrian izandako motibazio politikoko indarkeriaren historia bildu dute, hiru espaziotan banatuta. "Ez dugu kontakizun bat eskaini nahi, hausnarketarako gakoak baizik".

Kronika honetan ez dugu irekiera ekitaldia kronologikoki kontatuko. Ordena aldatzeko lizentziatxoa hartu dugu, Bizikidetza Foroko kideen desio hau nabarmentzeko: "Erakusketak gertatutakoaren egia osoa ezagutarazteko eta ez ahazteko balio izatea gustatuko litzaiguke, gizarteak gertatutakoa ulertzeko, aitortzeko eta memoria kolektibo eta partekatu bat eraikitzeko, belaunaldi berriei transmititu ahalko diena gero". Helburu nagusi horrekin ondu dute Bizikidetzarako memoria erakusketa, hilaren 30era arte Antonio Mercero gunean ikus daitekeena. Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era zabalduko dute (astearte eta ostegun goizetan, 11:00etatik 13:00era ere bai), eta 11:00etatik 13:30era larunbatetan. 

Lasarte-Orian eta Euskal Herrian bost hamarkadatan zehar motibazio politikoak eragindako indarkeriaren historia bildu dute. "Pandemia tarteko, urtebete baino gehiago behar izan dugu erakusketa osatzeko; tarte horretan, Baketik fundazioa izan dugu bidelagun, uneoro", azaldu dute. Batetik, nazio mailako 132 "gertakari garrantzitsu" bildu dituzte, eta bestetik, herri mailakoak, 2017. urtean Argituz Giza Eskubideen Elkarteak argitaratu zuen Memoria partekatu baterantz txostena abiapuntutzat hartuta: "1956tik 2016ra herrian jazotako giza eskubideen urraketak jasotzen ditu dokumentuak; deskribatzen dena ezagutaraztea planteatu genuen, erakusketa baten bidez". Horren barruan, herriko hainbat biktimekin elkartzeko prozesua hasi zuten, "Ixabelen [Zuaznabar] sukaldean".  

Ezagutu, hausnartu eta jardun

Hiru espaziotan banatu dute Bizikidetzarako memoria: erakusketa gunea lehenik, gertatutakoa ezagutzeko; hitzaldi aretoa bigarrenik, hausnartzeko eta elkar entzuteko; eta pasilloa hirugarrenik, jarduteko. Lehenengo espazioan Euskal Herriko 132 gertakari garrantzitsu jaso dituzte panelen bidez, eta zortzi totem ere jarri dituzte, indarkeriagatik bizia galdu zuten zortzi lasarteoriatarrak gogoratzeko: Begoña Urroz, Antonio Huegun, Jose Herrero, Alejandro Saenz, Mikel Kastresana, Jose Javier Urritegi, Alfonso Morcillo eta Froilan Elespe. Horiez gain, herritarrak ez baina Lasarte-Orian zendutako beste hiru pertsona ere bai: Marcelo Garciandia, Pablo Gude eta Miguel Angel Blanco. "Biktima guztiei egin nahi diegu aitortza, eta era berean, drama hori jasan duten herritar guztiekin enpatizatu". 

Metro batzuetara, hausnartzeko eremu bat prestatu du taldeak, hitzaldi aretoan: Lasarte-Orian azken hamarkadetan gertatutakoak bildu dituzte, eta ordenagailu batzuk jarri, elkarrizketatu dituen hogeitik gora herritarren lekukotzak ezagut ditzaten ikus-entzuleek. Bidenabar, erakusketaren bideo ofiziala ere ikusi ahalko dute. Atzo iluntzeko inaugurazio ekitaldian aurkeztu zuen, eta hunkituta ikusi zuten bertaratutako askok. Testigantzak eskaini dituztenen gogoetak eta foroko kideenak uztartu dituzte ikus-entzunezkoan.

Azkenik, pasilloan, jarduteko aukera eman nahi die foroak herritarrei. "Giza eskubideen aurrean konpromisoa har dezaten, taldeko kideon artean adostu dugun akordio etikoa irakurtzeko eta sinatzeko aukera emango diegu, eta baita haien gogoetak liburu zurian idazteko ere". 

Bizikidetzaren aldeko akordio etikoa

Honela dio, hitzez hitz, Lasarte-Oriako Bizikidetza Foroak adostu duen akordio etikoak: 

"Egia, justizia, aitortza eta erreparazioa biktima guztientzat, diskriminaziorik gabe"

  • Lasarte-Oriako herria bertako pertsona guztiok osatzen dugu.
  • Lasarte-Orian mota desberdinetako indarkaera gertaerak egon dira pertsonen aurka. Gertaera hauek herriko bizilagunen bakea eta bizikidetza kaltetu dute.
  • 'Memoria partekatu baterantz' txostenak, 2017ko urriaren 5ean aurkeztuta, Lasarte-Orian gertatutako indarkeriazko ekintzak eta testigantza eta hausnarketa ugari azaltzen ditu, iraganaren berrikuspen kritikoa egitera bultzatzen gaituztenak. 
  • Akatsetatik ikasi eta bizikidetzarako esparru egonkor bat bermatuko digun akordio etiko berri bat finkatu behar dugu. - Bizitzeko Eskubidea eta giza eskubideak bere osotasunean babestu beharreko funtsezko baloreak dira eta bide berri honen erreferentzia izan behar dira, denak baitira beharrezkoak.- Ideia eta posizio ideologiko, erlijioso edo politiko guztiak dira eztabaidagarriak eta denek merezi dute aintzakotzat hartuak izatea, betiere pertsona guztien osotasun fisiko, psikiko eta moralaren eskubidea errespetatzen dituzten heinean. 
  • Lasarte-Oriako biztanle bezala adierazpen hau askatasunez eta borondatez babestera eta akordio etiko honekin konpromisoa hartzera gonbidatzen zaitugu.