ERREPORTAJEA

Sukaldean, zauriak ixteko ahaleginetan

Maddi Zaldua 2020ko urt. 31a, 10:30

2014. urtean sortu zen Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldea, baina 2018az geroztik, norabide berri batean ari dira lanean. Herriko bizilagunen elkarbizitza sendoago bat helburu, biktima lasarteoriatarrekin elkarrizketak abiatu dituzte

Nori ez zaio zaila egiten barruan dituen korapiloak askatzea? Are zailagoa gerta liteke gainera, korapilo horiek mina ematen badute. Horiek barrutik kanpora ateratzeak, horiez hitz egiteak, ordea, lagundu dezake samina arintzen, zauriak sendatzen. Hitz egin daiteke senide batekin, lagun batekin, gertuko edonorekin, baina, Lasarte-Orian, baita herrikide edo bizilagunekin ere. Horretaz badaki zerbait herriko Bizikidetza Taldeak. Hizketarako, Lasarte-Oriako zauriak sendatzeko espazio berri batean ari baitira lanean 2018az geroztik. "Indarkeriaren biktima" lasarteoriatar guztiak dituzte jomuga prozesu horretan, eta lehen lanketaren fruituak jaso dituzte dagoeneko.  

2014. urtean sortu zen taldea, eta orduz geroztik jardun ezberdinetan aritu dira. 2016. urtera arte, esaterako, taldearen “barne hausnarketa eta eztabaida” izan dira lan ildo nagusiak. Hilabetean behin elkartu, eta biktimez, egiaz, memoriaz, bizitzeko eskubideaz eta Giza Eskubideez aritu dira mahaiaren bueltan. Ibilbide horretan, bakoitzak bere iritziak eta hausnarketak plazaratzeko espazioa sortu dute; “konfiantzazkoa” dagoeneko, nahiz eta aitortu duten atmosfera erosoa lortzea ez dela lan erraza izan.

2016. urtean, aldiz, ordura arteko ibilbidearen hausnarketa bat egiteko beharra antzeman zuen taldeak. Lan prozesua “moteldu” egin zen, eta norabidea zehazteko arnas apur bat hartzea erabaki zuten. Horrela, 2017an egindako hausnarketa egunean detektatu zuten taldearen beharra: Lasarte-Oriari, herriari irekitzeko gogoa zuten. Horrela, bidegurutzean bide berriari ekin, eta lanean hasi ziren. 

Sare sozialetan eman zuten lehen pausoa. Emandako urrats guztiak argitaratu dituzte bertan, eta gaurdaino egindakoaz informazioa jasotzeko aukera du edozein lasarteoriatarrek bertan. Horrez gain, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ekimenak herritarrei zabaltzen ere ari dira. Modu horretan eman dituzte Lasarte-Oriarentzat lehen pausoak, baina argi dute gauza bat: taldearen jardunak ezin duela biktimen aitortza hutsean geratu. “Gure helburua ez da biktimak aitortzera mugatzen; bere bizilagunen artean integratzen lagundu nahi diegu”. 

Eginbehar horretan ari dira orain: "Indarkeriaren biktima" lasarteoriatarrekin elkartu, eta elkarrizketak egiten, hain zuzen –Euskal Herriko talde bakarra da lanketa horretan ari dena–. "Ideia lantzen hasi ginenetik bi urteko prozesu luzea izan da, eta eztabaida askoren ostean orain egikaritu dugu lehen fasea". Ez dira biktima lasarteoriatar guztiekin batera lanean ari, baina taldearen asmoa bada biktima guztiekin prozesu bera jarraitzea: "Biktimarik diskriminatu gabe, guztiekin lanketa bera egingo dugu".

Akordio Etiko propioa
Prozesu berriari hasiera emateko taldearen Akordio Etikoa adostea izan da lehen urratsa; abiapuntua. “Bizitzeko eskubidea eta bestelako Giza Eskubideak erdigunean jarriaz, bizikidetzaren oinarriak planteatu ditugu bertan”. Hori eskuartean hartuta eta lanari ekiteko  prest zirela, ordea, lehenengo horma aurkitu zuten parez pare. "Galdera eta duda ugari sortu zitzaizkigun. Nondik hasiko gara? Zein ate joko dugu lehenik? Ez genekien nola hasi, eta horretan oso lagungarria izan da Giza Eskubideen aldeko Argituz elkarteak egindako Memoria partekatu baterantz txostena". Lasarte-Orian 1956. urtetik 2016. urte bitartean  gertatutako Giza Eskubideen urraketak eta indarkeria ekintzak biltzen ditu informeak. "Gure Akordio Etikoarekin batera, hori izan da lanerako zutabe nagusia". 

Txosteneko sailkapenari jarraituz hasi dira lanean, eta  "indarkeriagatik" bizitza galdu duten lasarteoriatarrekin" abiatu dute prozesua. Begoña Urrozen, Jose Javier Urritegiren, Alfonso Morcilloren, Froilan Elesperen, Antonio Huegunen, Alejandro Saenzen eta Mikel Kastresanaren kasuak landu dituzte lehen fase honetan. Horiekin batera, bazuten zortzigarren biktima baten kasua lantzeko asmoa ere, baina taldeak jakinarazi du “ezinezkoa” izan zaiela haren senideekin harremanetan jartzea.

Lehen oztopoa gainditu arren, hortik aurrerako lana ere ez da makala izan. Aipatu biktima horiekin harremanetan jartzeko bideek ere buruhauste bat baino gehiago eman dio taldeari. "Deialdi publikorik egin nahi ez genuenez, zuzeneko harremanari eman diogu garrantzia; harreman pertsonaletatik tiraka abiatu dugu prozesua”. 

Elkarrizketetarako espazioa
Elkarrizketa saioetan parte hartzera gonbidatzeko taldeak idatzitako eskutitz bana igorri diete biktimei, eta erantzun ona izan du. Lehen kontaktuak eginda, elkarrizketetarako espazio egokiaren bila jarri da taldea; garrantzia "handia" eman diote horri: “Biktimak interesen arabera erabiltzen dira politikan, eta horrek, mesfidantza sor dezake beraiengan. Horregatik gure elkarrizketetarako konfiantzazko espazioak sortzea ezinbestekoa izan da”. "Kostata", baina eremu “goxo eta xumea” bilatu dute azkenean: etxeko sukaldea. “Betidanik izan da hizketarako lekua, bertan egosten da guztia”. Hortaz, taldeko kide baten etxeko “sukaldeko epeltasunean” egin dituzte biktimekin hitzorduak. 

Kasu bakoitzean jasotakoa “ezberdina” izan da, baina "emankorrak" izan dira guztiak. “Bakoitza bere bizipen eta sentimenduetatik hurbildu da gugana, baina jaso dugunaren balorazio positiboa egiten dugu; sortu dira lanerako sinergia berriak ere”. Taldearekiko izan duten jarrera “oso ona” izan dela ere azpimarratu dute: “Egoki ikusi dute herritarrak herritarrengana hurbiltzeko egin dugun ahalegina, eta asko eskertu digute”. 

Lasarte-Oriaren etorkizuneko elkarbizitza hobeago baterako “ezinbestekoa” ikusten du abiatu berri duten lanketa.   "Guk, gure herrian gertatu denaz baliatu nahi dugu bizikidetza sendoago bat lortzeko, eta horretarako hurbiltasunez eta bizilaguntasunetik jarraituko du gure apustuak. Gure giza kateari zor diogu geroa hobeagoa izatea, baina horretarako, ezin daiteke pasartearen orrialdea irakurri gabe utzi, benetako iraganaren irakurketa kritikotik etorriko baita elkarbizitza hobea". 

Erabateko bizikidetza lortuko den edo ez baieztatzera ez dira ausartu. "Hori aztien kontua izan liteke, baina gure belaunaldian ia ezinezkoa ikusten dugu, horregatik, gazteengan eragitea ezinbestekoa da, horiek, agian, lortuko baitute erabateko elkarbizitza". 

Gazteek gaiarekiko duten ezjakintasunaren berri ere badute. "Institutuetako eta unibertsitateetako ikasleek ezer gutxi dakite gertatutakoaz, eta kezka sortzen digu horrek". Hor ere eragin nahi du Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeak, eta horretarako "ezinbesteko tresnak" ikusten dituzte artea, zinema eta antzerkia, esaterako. Baina kontziente dira gisa horretako ekitaldiek ez dituztela gazteak erakartzen. Horregatik, ez dute baztertu herriko ikastetxe eta institutuekin elkarlanean aritzea: "Ikastetxeetan lekua egin nahi diogu gure lanketari". 

Jendeak "hitz egiteko beharra" du, baina horretarako espazioak sortu behar dira, horrek ahalbidetuko baitu elkarbizitza hobe bat. "Gure taldearena bezalako espazioak oso lagungarriak dira, errespetuz, norberaren ideia eta izaera politikoak alde batera utzita, elkarrekin lan egiteko gai garela  frogatu dugu".

Lehen fasea amaituta, torturak salatu dituzten biktimekin hasiko dira lanean. Argituzen txostenaz baliatu dira bide horri ekiteko ere. 51 salaketen berri ematen du informeak, eta Eusko Jaurlaritzaren bidez, hasi dira lehenengo harremanak egiten. 

Bide eta prozesu berdina jarraitu asmo dute; herritarren arteko elkarrizketarena. Barrutik kanpora. 

 

Bizikidetza taldearen Akordio Etikoa

"Egia, justizia, aitortza eta erreparazioa biktima guztientzat, diskriminaziorik gabe"


1.- Lasarte-Oriako herria bertako pertsona guztiok osatzen dugu.

2.-Lasarte-Orian mota ezberdinetako indarkeria gertaerak egon dira pertsonen aurka. Gertaera hauek herriko bizilagunen bakea eta bizikidetza kaltetu dute.

3.- Memoria partekatu baterantz txostenak (2017ko urriaren 5ean aurkeztua) Lasarte-Orian gertatutako indarkeriazko ekintzak eta testigantza eta hausnarketa ugari azaltzen ditu, iraganaren berrikuspen kritikoa egitera bultzatzen gaitu.

4.- Akatsetatik ikasi eta bizikidetzarako esparru egonkor bat bermatuko digun Akordio Etiko berri bat finkatu behar dugu. 
                    - Bizitzeko Eskubidea eta Giza Eskubideak bere osotasunean babestu beharreko funtsezko baloreak dira, eta bide berri honen erreferentzia izan behar dira, 
denak baitira beharrezkoak.
                    - Ideia eta posizio ideologiko, erlijioso eta politiko guztiak dira eztabaidagarriak eta denek merezi dute aintzakotzat hartuak izatea, betiere pertsona guztien osotasun fisiko, psikiko eta moralaren eskubidea 
errespetatzen dituzten heinean.

5.- Lasarte-Oriako biztanle bezala, adierazpen hau askatasunez eta borondatez babestera eta Akordio Etiko honekin konpromisoa hartzera gonbidatzen zaitugu.


Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldea. 2018ko urtarrila.