Bost hamarkadatako indarkeriaren ibilbidea gainbegiratzen duen erakusketa antolatu du Bizikidetza Foroak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 22a, 19:14

Euskal Herriko eta Lasarte-Oriako indarkeriaren historia biltzen du erakusketak. Hilabete osoan zehar ikusgai egongo da Areto Mercero gunean. Azaroaren 2an, asteartea,  inauguratuko dute erakusketa.

Bizikidetzarako memoria para convivir erakusketak azaroaren 2an zabalduko ditu ateak eta hilabete osoan zehar ikusgai izango da Antonio Mercero aretoan. Han bertan aurkeztu dute ekimena Lasarte-Oriako Bizikidetzarako Foroa-ko kideek ostiral arratsaldean. 

Erakusketak "Lasarte-Orian eta Euskal Herrian izan dugun indarkeriaren historia azaltzen du", zehaztu du Mari Karmen Ormazabal kideak. Bost panel grafikok osatzen dute, hamarkada bakoitzeko bana; eta haietan Euskal Herriri buruzkoetan 132 gertakari garrantzitsu bildu dituzte; herriari lotutakoak, aldiz, udalak 2017an argitaratutako Memoria partekatu baterantz txostenaren kronologian oinarritzen dira. Halaber, bi esparruetako motibazio politikoko indarkeriari buruzko datuen grafikak ere badira. Horrez gain, ikusgai izango dira herriko hogei bat laguni egindako elkarrizketen bideoak eta erakusketako bideo ofiziala ere.

Ekimenaren helburuak ugariak dira: Lasarte-oriako biktimak "bere pluraltasunean" aintzat hartzea, terrorismoaren eta indarkeriaren ondorio sozial eta pertsonal larriak ezagutaraztea eta onartzea, eragindako kaltearen aitorpenean oinarritutako memoria kolektiboa eraikitzea, eta herritarrek konpromisoa hartzea giza eskubideen urraketen aurrean. Honen harira, erakusketa herriko zortzi bikitmak omentzeko abagunea izango da, baita hildako beste hirurak ere. 

Erakusketa azaro osoan egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:30era. Halaber, taldeen eskaeraren arabera, astearte eta ostegun goizetan 11:00etatik 13:00etara ere irekiko dute. Bizikidetzarako Foroko kideek ohartarazi dutenez, ikusgai izango diren irudietako batzuk gordinak dira eta zenbaitentzat mingarriak izan daitezke. 

Bizikidetza berreraikitzen

Bizikidetzarako foroa 2014an abiarazitako bizilagun talde heterogeneoa da. Kezka partekatuen inguruan ari da lanean: "bizikidetza berreraikitzea auzotasunearen, hurbiltasunaren eta akordio etikoaren ikuspegitik, elkargune gisa". Baketik Fundazioak hasieratik lagundu du bilerak dinamizatzen. 

2017an Argituz-ek LasarteOrian 1956-2016 urteen artean gertatutako giza eskubideen urraketak deskribatzen dituen ikerketa egin zuen. Bertan jasotako errealitatea ezagutarazteko ahalegina egitea erabaki zuen Foroak. Hala, tokiko biktimekiko topaketa prozesu bati ekin zion, eta herritarren errekonozimendurako espazioak sortu zituen, "indarkeriak, isiltasunak eta lubakiek hautsitako loturak berreraikitzeko".

Hurrengo urratsa izan da Euskal Herriko eta herriko motibazio politikoko indarkeriarekin lotutako historia eta bizipenak lasarteoriatarrei ezagutaraztea erakusketa honen bidez.