Herrian errotuta dauden jarduerak sustatzeko hitzarmenak sinatu dituzte udalak eta zenbait eragilek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 14a, 12:27

Lasarte-Oriako Udalak festen arloko hiru lankidetza hitzarmen gehiago sinatu ditu, elkarte hauekin: Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoi Taldea (LOZET), Megaba eta Asociacion Tamborrada Lasarte-Oria (ATLO). Hiru urterako akordioak dira, eta eragileetako kideek espero dute datorren urtetik aurrera "normaltasunez" egin ahal izatea jarduerak.

Erraldoiak, buruhandiak eta zezensuzkoak, Errege Magoak eta danborrada oso errotuta daude Lasarte-Orian, hein handi batean, herritar talde batzuek izugarrizko lana egiten dutelako horiek sustatzeko. Kasu honetan, LOZET, Megaba eta ATLO eragileak arduratzen dira aipatutako ekimenak prestatzeaz, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin. Lankidetza hori berresteko asmoz, hiru urterako hitzarmenak sinatu dituzte.

LOZETen izenean Sergio Lucas eta Elena Gomez etorri dira sinatze ekitaldira. Adierazi dute COVID-19aren pandemiak "izugarri" eragin duela haien jardunean, eta ezin izan dutela apenas ezer egin. Duela urte gutxi sortu dute elkartea, baina ekitaldi ugaritan parte hartzen dute, besteak beste, San Pedro Jaietan. Horrez gain, Donostiara joan izan dira, abuztuaren 31n egiten dituzten ospakizun historikoetan parte hartzera. Ikusteke dago 2022an Lasarte-Oriako festak normaltasunez ospatuko diren ala ez, baina hala espero dute LOZETeko zein udaleko ordezkariek. Urtea bukatzeko asko falta ez bada ere, aurreratu dute prestatzen ari direla ekimen bat, azaroaren 20rako edo 21erako: erraldoi, buruhandi eta zezensuzkoen topaketa egingo dute, eta, hasiera batean, egitaraua egun osokoa izango da. "Oraindik ezin dugu ezer ziurtatu, ea nolakoa den egoera epidemiologikoa azaroan", adierazi du Lucasek.

Txus Alonso Gazteria eta Ospakizuna batzordeburuak akordioaren nondik norakoak xehetu ditu: 2021etik 2023ra herrian egingo dituzten ekintzak ez ezik, materialaren mantenua ere diruz lagunduko du udalak. Aurten 4.000 euro jasoko ditu elkarteak; 2022an, 5.321; eta 2023an, 5.396. "Urte gutxi daramatzate lanean, baina ari dira hazten, eta lagundu nahi diegu horretan".

Errege Magoen etorrera

Melchor, Gaspar eta Baltasar urtarrilaren 5ean etortzen dira Lasarte-Oriara, eta Megaba elkartea arduratzen da harrera ekitaldia prestatzeaz. 2021ekoa, halabeharrez, une horretako osasun egoerara moldatu behar izan zuten, eta espero dute datorren urtekoa ez dela berbera izango. Eragileko lehendakari Silvia Palaciosek aurreratu duenez, "zenbait aldaketa" dituzte buruan 2022ko kabalgata eta harrerarako –erregeak zaldietan joan ordez, karrozetan joatea, kasurako–, baina COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren arabera jokatuko dute. "Okerrenean, aurtengoa errepikatuko genuke, erregeen ibilaldirik gabe eta harrerak herriko zenbait gunetan eginda, aurrez hitzordua hartuta". 

Megabak 5.248 euro jasoko ditu aurten, 5.321 datorrenean, eta 5.396 hemendik bi urtera. Alonsok eman ditu datu horiek. "Kabalgata eta eskutitzak jasotzeko ekitaldia, eta materialaren zein azpiegituraren mantenua finantzatzen lagunduko du udalak".

Danborrak astintzeko "irrikaz"

ATLO elkarteak pandemia lehertu aurretik berritu zuen zuzendaritza taldea, eta Iker Bravok hartu zuen lehendakaritza. Berak sinatu du lankidetza akordioa udalarekin, eta argi adierazi du espero duela 2022an beteranoen zein haurren danborradak "normaltasunez" egitea. "Karguak hartu genituenetik ezin izan dugu atera!". 

Bi danborradak, materialaren mantenua eta garraioa eta entseguetako behar den musika tresneria finantzatzen lagunduko du udalak, Alonsok azpimarratu duenez. ATLOk 1.187,84 euro jasoko ditu aurten, 11.124,97 datorren urtean eta 11.291,84 hemendik bi urtera.