Lasarte-Oriako kaleak euskal giroaz betetzeko hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 8a, 13:15
Agustin Valdivia alkatea eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabal Jaietako hitzarmena sinatu ostean.

Ttakun Kultur Elkartea-k eta Lasarte-Oriako Udala-k Jaietako hitzarmena sinatu dute gaur, goizean. Lasarte-Orian errotuta dauden euskal giroko jaiak antolatzeko hiru urtetako laguntza jasoko du kultur elkarteak

Euskal Inauteriak,  Azkorteko Erromeria, Sorgin Dantza, Santa Ana Parodia, Santomas eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Horiek dira gaur goizean Agustin Valdivia alkateak eta Ttakun Kultur elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek sinatutako hitzarmenak diruz lagunduko dituen jaiak. Txus Alonso Jaiak saileko batzordeburua eta Haritz Salaberria Ttakun Kultur elkarteko kudeatzailea ere izan dira hitzorduan.

Alonsok akordioaren nondik norakoak azaldu ditu. Azken asteetan elkarte ezberdinekin sinatzen ari diren Jaietako hitzarmen sortan kokatua dagoela adierazi du Jaiak saileko batzordeburuak. Era berean, jai horiek diruz lagunduta Udalak Lasarte-Oria bizirik egoteko hartutako konpromisoa betetzen duela nabarmendu du .   

Ttakun KErekin sinatutako hitzarmenari dagokionez, Lasarte-Orian errotutako jaiak antolatzen dituela azpimarratu du: Euskal Inauteriak,  Azkorteko Erromeria, Sorgin Dantza, Santa Ana Parodia, Santomas eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Horregatik, kultur elkarteak aipatu jaiak antolatzeko 12.386 euro jasoko ditu aurten; 2022. urtean, 17.532 euro eta 17.777 euro, 2023.urtean.

Jai batzordeburuak Ttakunek ekimenetako batzuk dagoeneko gauzatu dituela azpimarratu du eta Gabonetakoak aurki elkarrekin lantzen hasiko direla aipatu du: "Ea Gabonetako ekimenak normaltasunez gauzatu ahal diren". Horrez gain, Ttakuni jaiak antolatzeko egiten duen ahalegina eskertu dio Alonsok. 

Haritz Salaberria Ttakuneko kudeatzaileak pandemiak baldintzatuta, hitzarmenean zehaztutako ekimen batzuk  bertan behera geratu edo moldatu behar izan direla azaldu du. "Baina hemendik aurrera jai horiek guztiak antolatu ahal izatea espero dugu," adierazi du.