Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.154 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntzako udalerrietan lau kutsatze detektatu dituzte urriaren 6an: Astigarragan eta Hernanin, bina.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan 88 positibo erregistratu dituzte asteazkenean; horietatik 30, Gipuzkoan. 5.683 proba egin dituzte, eta %1,5ek eman dute positibo. Osakidetzako ospitaleetan 71 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 31 larri, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Asteazkenean hamar gaixo erietxeratu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.