COVID-19

Ez dute kutsatze berririk atzeman Lasarte-Orian, hirugarren egunez jarraian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 6a, 12:55

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urriaren 5eko datu epidemiologikoen berri eman dute. Horien arabera, Lasarte-Orian ez dute positiborik detektatu egun horretan; azken hamalau egunetan, aldiz, hamahiru. Intzidentzia tasa metatuak jaisten jarraitzen du eta eremu berdetik oso-oso gertu dago: 68,26 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.154 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hiru kasu detektatu dituzte asteartean: bi Usurbilen eta bat Andoainen.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan 99 kutsatze diagnostikatu dituzte urriaren 5ean; horietatik 39, Gipuzkoan. 5.922 proba egin dituzte kasu berriak hautemateko, eta %1,7k eman dute positibo. Osakidetzako ospitaleetan 79 pertsona daude ingresatuta, horietatik 32 larri, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Asteartean bederatzi gaixo erietxeratu behar izan dituzte, eritasunaren sintomek okerrera eginda.