Bortizkeria frankistaren lekukotzak jaso dituzte 'Testigantzak' liburuan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko urr. 7a, 11:57

Islada Ezkutatuak taldeak ondu du lana, Lasarte-Oriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurkezpen instituzionala urriaren 17an egingo dute, igandez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 12:00etan.

"Testigantzak liburuaren zentzua ulertzeko, funtsezkoa da honako hau kontuan izatea: Francisco Franco jeneralak eta jarraitzaileek gezur bat bestearen atzetik metatu zituzten. Propaganda makineria  martxan jarri zuten eta estatu kolpea gerra zibil gisa saldu, baina erregimena ez zen 1939an hasi, 11 urte beranduago baizik, gizartea menderatzea lortu zutenean. Nola egin zuten hori? Errepresioaren, hilketen eta bortxaketen bidez". Joxea Muguruzaren hitzak dira, Islada Ezkutatuak-eko kideetako batenak. Talde horrek urteak daramatza lanean, "bortizkeria frankista" pairatu zutenen memoria "berreskuratzeko, ikertzeko eta gizarteratzeko". Horren adibide da Lasarte-Oriako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzarekin ondu duten lana, Testigantzak izenekoa. 2019ko abenduan bukatu zuten, eta iazko martxo erdialderako lotu zuten aurkezpen instituzionala. Ezin izan zuten egin, ordea, COVID-19aren pandemia lehertu zelako. 

"Nahi genuena baino denbora gehiago pasatzen ari zela ikusita, lekukotza eman duen pertsona bakoitzari ale bat eman genion iazko uztailean". Muguruzak zehaztu duenez, 101 pertsona elkarrizketatu ditu taldeak, eta horietatik 88 jaso ditu liburuan. "Hamarkada ugari pasa badira ere, zenbait pertsonak beldurra dute oraindik, eta nahiago izan dute haien testigantza publikatuta ez ikusi". 

Aurkezpena, hilaren 17an 

Testigantzak-en aurkezpen instituzionala hilaren 17an egingo dute, igandez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 12:00etan. "Protagonistak gonbidatu ditugu, lekukotzak eman dituzten pertsonak, eta udaleko zein aldundiko ordezkariak ere bai. Joseba Tapia musikariak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko lau irakaslek ere parte hartuko dute". Ekitaldira joan nahi duten herritarrek kultur etxean eska ditzakete sarrerak.

Islada Ezkutatuakek egindako lana goraipatu du herriko alkate Agustin Valdiviak, eta liburuaz "harro" dagoela adierazi. "Bereziki, eskerrak ematen dizkiet haien bizipenak partekatu dituzten herritarrei, bide ematen digulako frankismoak egin zituen basakeriak ez ahazteko, eta garai ilun horretan gertatu zena ulertzeko". Prentsa agerraldi bateratua egin dute udalak eta memoria historikoa lantzen ari den talde horrek. Joxea Muguruzak liburuko pasarte batzuk irakurri ditu, eta amaitu duenean, alkateak "lazgarriak" direla adierazi du, eta "sekulako gogoa" daukala Testigantzak irakurtzeko.

Lekukotza "beldurgarriak"

Urriaren 17ko aurkezpenean ale fisikoak banatuko dituztela aurreratu du Muguruzak. Halaber, udalak zehaztu du www.lasarte-oria.eus webgunean zintzilikatuko dutela liburua. Lanari buruz, Islada Ezkutatuakeko kideak esan du "lekukotza beldurgarrien bilduma bat" dela. "1936tik 1948ra arte, 4.437 egun igaro zituzten gerra egoeran, errepresio izugarri latza jasaten. Guk esaten dugu ez garela galtzaileen seme-alabak edo bilobak, genozidio batetik bizirik atera zirenenak baizik". 

Arestian esan bezala, 88 pertsonaren elkarrizketak jaso dituzte liburuan, eta 401 orri ditu. 311 argazki erabili dituzte lana ilustratzeko, eta horietatik ia guztiak originalak dira, bost izan ezik. Muguruzaren arabera, horrelako lanetan hori ez da "batere ohikoa" izaten.