'Testigantzak. Genozidio ezkutatu baten islak' liburuaren aurkezpena atzeratu dute, osasun egoerak aukera eman arte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko uzt. 19a, 16:08

Islada Ezkutuak elkarteak eta udalak egindako libururako beraien testigantzarekin kolaboratu dutenei ale bana emango diete. Bihartik ostegunera bitartean Mercero gunean jasotzeko aukera izango dute, 10:00etatik 13:00etara.

COVID-19ak atzeratu egin du Testigantzak. Genozidio ezkutatu baten islak liburuaren aurkezpena, memoria historikoa berreskuratzeko Islada Ezkutuak elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak burutua. Lasarte-Orian 1936ko estatu-kolpearen ondorioak jasan zituztenen testigantzak biltzen dituen liburua martxoaren 14an aurkeztekoak ziren; baina ekitaldia bertan behera utzi zuten pandemiaren bilakaera positiboaren zain.

Hiru hilabete baino gehiago igarota, ekitaldi publiko bat egiteak dakarren arriskuaren aurrean, bi erakundeek adostu dute liburua bertan parte hartu duten elkarrizketatuei, kolaboratzaileei eta erakundeei ematea. Beraien lekukotzarekin lagundu dutenek bihar eta osteguna artean jaso ahalko dute ale bana Mercero gunean, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Bestalde, liburuaren prentsaurrekoa, aurkezpen instituzionala eta banaketa atzeratzea ere erabaki dute, datarik gabe, osasun egoerak horretarako aukera ematen duen arte. Egoera luzatuz gero, interesa duten herritarrei aleak banatzeko sistema bat antolatuko dute.