Irla bakartietako naufragoek, laguntza eskatzeko, papertxoak sartzen dituzte kristalezko botiletan, eta itsaso zabalera bota, noizbait norbaitek botila aurkitu eta barruan dagoena irakurriko duen esperantzarekin. Behar baino beranduago seguru asko, baina 1936ko altxamendu militarra eta 40. hamarkada gogorra lehen pertsonan bizitu duten herritarren testigantzak iritsi dira itsasertzera. Lau urte daramatza Islada Ezkutatuak taldeak garai historiko hori ikertzen eta Lasarte-Orian izan zituen ondorioak azaleratzen. Pertsona horiek kontatu dietena da euren lan eskergaren "zutabeetako bat". Eskerrak emateko, udaletxeko pleno aretora deitu zituzten larunbatean. Aitortzaz eta txaloez gain, egindako ahaleginaren sinbolo gisa kristalezko botila bana jaso zuten. Oraingoz 80 pertsonak baino gehiagoren bizipenak bildu dituzte: elkarrizketa liburu bat argitaratzekotan dira datorren urtean.
Islada Ezkutatuak bezalako elkarteek lan egin ahal izateko, garrantzitsua da instituzioen laguntza. Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu diete; eskerrak eman zizkien Mailu Arruti taldekideak. Bi erakundeen izenean hitz egin zuten Jesus Zaballos alkateak eta Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak. "Oso harro" dago Zaballos Islada Ezkutatuakek egindako lanaz: "Taldeak urteotan egin dituen aurkikuntzekin erakusketa iraunkor bat ireki genuen iaz, elkarlanean; asmatu genuen udaletxe sarreran jartzen, ezinbestekoa delako herritar guztiek jakitea zer gertatu zen garai hartan". Vaquerok nabarmendu zuen lanean jarraitu behar dela: "Elkarteek egiten duten lana babesten hasi dira instituzioak azken urteetan: guztiok elkarrekin jardun behar dugu, identifikatzeko zer falta zaigun egiteko".
Lau urteko zikloa
1936ko altxamendu militarra eta 40. hamarkada arakatzen segitzen dute Islada Ezkutatuak taldekoek. Lau urte daramatzate horretan, eta asko argitu dute garai ilun hori: Txaldatxurreko gainean gerra material asko topatu dute, gudari baten gorpuzkinak ere bai, erakusketa iraunkor bat antolatu udalarekin elkarlanean, eskoletan hitzaldiak eman, ibilbide historikoa egin Lasarte-Orian eta paragrafo bakar batean aipatzeko zailak diren beste hainbat gauza. Joxea Muguruza taldekideak eman zituen xehetasunak. Urte honetan erregistroz erregistro ibili dira, Nafarroako hainbat herritan, jakin nahian nortzuk egon ziren Txaldatxurreko gainean 1936an. "Hori izan da Islada Ezkutatuaken 2018ko zeregin nagusia".
Lehen aipatu bezala, elkarrizketa liburu bat prestatzen ari da taldea, lau urteotan jaso dituen 80 testigantza baino gehiagorekin. Udalarekin ari da, elkarlanean. Bestalde, asmoa dute monografiko pare bat argitaratzeko, Txaldatxurreko gudari buruz. Horietako bat kolpisten perspektibatik egingo dute, eta errepublika defendatu zutenen ikuspegitik bestea.
Eskertza ekitaldia musikatzen
Honezkero ohitura bilakatu den eskertza ekitaldia ez litzateke berdina izango Joseba Tapia musikariaren ekarpenik gabe. "Urtero-urtero deitzen diogu, eta beti etortzen da: gomendatzen dizuet entzuteko orain arte argitaratu dituen pieza musikalak, ederrak eta gogorrak dira aldi berean", azpimarratu zuen Mailu Arrutik. Pare bat pieza plazaratu zituen Tapiak larunbatean, trikitixa eta ahotsarekin. Luzeak izan ziren ikus-entzuleen txalo zaparradak.
Zortzi herritarrek eman dituzte testigantzak aurten: Arantxa Sudupek, Maria Luisa Aginagak, Edurne Okarizek, Esteban Maizak, Juan Prietok, Ignacio Ernabidek, Victoria Perezek eta Karlos Salvadorrek. Denek bertaratzerik izan ez zuten arren, guztiei eman zizkien eskerrak Islada Ezkutatuak taldeak.