COVID-19

Lasarte-Orian ez dute kasurik detektatu azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 5a, 13:33

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urriaren 4ko datu epidemiologikoen berri eman dute. Lasarte-Orian ez dute kutsatu berririk atzeman azken orduetan; azken hamalau egunetan, berriz, hamalau positibo zenbatu dituzte. Intzidentzia tasa metatua 73,51 da, eta eremu berdetik oso-oso gertu dago.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.154 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan lau positibo diagnostikatu dituzte astelehenean: bi Andoainen eta bana Urnietan zein Usurbilen.

EAEko hiru lurraldeetan 92 kutsatze detektatu dituzte urriaren 4an: horietatik 44, Gipuzkoan. 5.327 proba egin dira kasu berriak hautemate aldera; %1,7 izan dira positiboak. Osakidetzako ospitaleetan ingresatuta dauden pazienteetatik, 34 larri daude, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU). Plantan daudenen eta astelehenean erietxeratuak izan diren pertsonen berri ez dute eman Osakidetzak eta Osasun sailak.

LABI batzordearen bilera gaur arratsaldean

Gaur-gaurkoz indarrean dauden neurriei buruz jardungo da gaur LABI batzordearen mahai instituzionala. Zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera, baliteke larrialdi egoera deuseztatzea (2020ko abuztutik dago indarrean). Hori horrela bada, muga asko baliogabetuko lituzke Eusko Jaurlaritzak, aforoekin eta ordutegiekin zerikusia dutenak kasu.

Iñigo Urkullu lehendakariak batzordearen bileraren ostean agerraldia egingo du, mahaian erabaki dutenaren berri emateko.

Erlazionatuak