Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.149 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean hiru kutsatze diagnostikatu dituzte: Astigarragan, Hernanin eta Lasarte-Orian bana.
EAEko hiru lurraldeetan 95 positibo detektatu dituzte; horietatik 29, Gipuzkoan. 6.614 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak hautemateko, eta %1,4 izan dira positiboak. Osakidetzako ospitaleetan 123 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 37 larri daude, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Asteazkenean hamazazpi paziente erietxeratu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.