COVID-19

Asteartean positibo bat atzeman dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 29a, 12:37

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irailaren 28ko datu epidemiologikoen berri eman dute. Horien arabera, Lasarte-Orian kutsatze bat detektatu dute asteartean, eta azken hamalau egunetan, hamasei. Intzidentzia tasa metatua 84,01 da, eta eremu berdetik oso gertu dago.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.148 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hiru kasu zenbatu dituzte asteartean: bana Hernanin, Lasarte-Orian eta Urnietan. Sei herritatik hiru gune berdean daude, eta horian beste hiruak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan 89 positibo diagnostikatu dituzte egun horretan; horietatik 32, Gipuzkoan. 7.313 proba egin dituzte Osakidetzako langileek kutsatze berriak hautemateko, eta %1,3k eman dute positibo. Osakidetzako ospitaleetan 126 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik, horietatik 39 larri, Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Asteartean 22 eri ingresatu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.

Erlazionatuak