Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.141 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean kasu bakarra detektatu dute asteazkenean, Urnietan. Eremu berdean daude Hernani eta Astigarraga, eta horian beste lau udalerriak.
EAEko hiru lurraldeetan 120 positibo diagnostikatu dituzte hilaren 22an; horietatik 24, Gipuzkoan. Osakidetzak 6.827 proba egin ditu kutsatze berriak hautemate aldera; positibo eman dute ehunetik ia bik (%1,8). Osakidetzako ospitaleetan 153 paziente daude ingresatuta koronabirusagatik; sintoma larriak dituzte horietatik 49k, eta Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) daude. Asteazkenean 28 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte.