COVID-19

Kutsatze bat baieztatu dute herrian azken orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 12:55

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irailaren 21eko datu epidemiologikoak argitaratu dituzte. Horien arabera, Lasarte-Orian positibo bat erregistratu dute asteartean, bezperan baino bat gutxiago, eta 24 azken hamalau egunetan. Intzidentzia tasa metatua 126,02 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.141 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean bost kasu diagnostikatu dituzte asteartean: bi Hernanin eta bana Astigarragan, Lasarte-Orian eta Usurbilen. Koronabirusaren intzidentziak jaisten segitzen du, eta Hernani eremu berdera igaro da. 

EAEko hiru lurralde historikoetan 130 positibo detektatu dituzte hilaren 21ean; horietatik 40, Gipuzkoan. 6.815 proba egin dituzte kutsatze berriak hautemateko, eta ehunetik ia bik (%1,9) eman dute positibo. Osakidetzako ospitaleetan 159 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; larri daude horietatik 49, Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Asteartean 26 paziente erietxeratu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.