COVID-19

Lasarte-Orian bi positibo detektatu dituzte astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 21a, 12:43

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak datu epidemiologikoak berritu dituzte. Osatu duten txostenaren arabera, Lasarte-Orian bi kutsatze baieztatu dituzte astelehenean, bezperan baino bat gehiago; azken hamalau egunetan 23 izan dira, eta intzidentzia tasa metatua 120,77 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.140 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean apenas atzeman duten kasu berririk asteko lehen egunean: bi besterik ez, Lasarte-Orian. Eskualdeko sei udalerriak eremu horian daude.

EAEko hiru lurraldeetan 119 positibo diagnostikatu dituzte hilaren 20an; horietatik 45, Gipuzkoan. 6.723 proba egin dira kutsatze berriak hautemateko, eta ehunetik ia bik eman dute positibo (%1,8).  Osakidetzako ospitaleetan 164 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 50 larri daude, Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (ZIU). Astelehenean hamasei paziente erietxeratu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.

Erlazionatuak

Kutsatze kopuruak behera egiten jarraitzen du

Txintxarri Aldizkaria 2021 ira 19 Gizartea