Aire Garbia: "Erabateko garrantzia dute une honetan hartuko diren erabakiek"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 12:59

Hiri hondakinak kudeatze aldera Lasarte-Oriako Udalak aurkeztutako proposamena aztertu eta baloratu du Aire Garbia plataformak. "Oso berandu" etorri den arren, "begi onez" ikusi du hiri hondakinen birziklatze helburuak lortzeko udalak proposatu duen norabidea. Herritarren, auzo elkarteen eta ingurumena lantzen duten eragileen parte hartzea sustatzea eskatu du.

Hilabete hasieran aurkeztu zituen udal gobernuak herriko hiri hondakinak kudeatzeko proposamena. Lur azpiko edukiontziak kentzea eta errefusa jasotzeko edukiontziari txartel elektronikoa jartzea (organikoaren modukoa) dira oinarrietako batzuk. Epe zehatzik ez du finkatu oraindik, baina 2022. urtean zehar aldatu nahiko luke sistema. Birziklatze tasei dagokienez, honako helburuak zehaztu ditu: 2025erako zaborraren %55 biltzea gaika, eta %65 hamar urte beranduago, 2035ean (iazko tasa %46,5 izan zen). 

Eredu hori aztertu du Aire Garbia plataformak, eta balorazioa egin. "Oso berandu" iritsi dela adierazi du, baina "begi onez" ikusten duela gehitu: "Abiapuntu egokia da" Edonola ere, azpimarratu du lurpeko ontziak mantentzearen edo kentzearen erabakia "teknikoa" zela, eta udalak "aitzakia moduan" erabili izan duela, " sailkako bilketaren portzentaje apalari, benetako erronkari, ez heltzeko".

Eragileari "tamalgarria" iruditzen zaio gai horri lehenago heldu ez izana: "Galdutako egun  bakoitzak itzulezinezko kaltea dakar birziklapenaren eta ingurumenaren aldeko borrokan". Hori dela eta, udalak ezarri nahi duen sistemaren zehaztapena, epeak eta baldintzak finkatzea galdegin du, eta eskakizun batzuk egin: definizio fasean herritarren, auzo elkarteen eta ingurumena jorratzen duten eragileen parte hartzea kontuan izatea; eredu berria ezartzeko epeak ez luzatzea; gaikako bilketa tasak handitzeko epeak "askoz anbiziosoagoak" izatea, eta ez "hain luzeak"; eta birziklatzearen arloan praktika onak eta txarrak bereiztea, eta dagozkien sariak edo zigorrak ezartzea. "Ordenantza fiskalen eztabaidaren epeak gainean daude, eta erabakia ezin da atzeratu".

Bidelagun izateko prest

"Une honetan hartuko diren erabakiek erabateko garrantzia dute hondakinen kudeaketa arduratsuaren etorkizunari begira", nabarmendu du Aire Garbiak. "Udalaren, eragileen eta herritarren ardura da gauzak ondo egitea, onuradunak denok izango baikara". Plataformak ardura hori eskatu du, eta "erronka" horretan bidelagun izateko prestutasuna eskaini.