Lur azpiko edukiontziak kentzea proposatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 12:58
David Mateos Zerbitzuetako batzordeburua eta Agustin Valdivia alkatea, proposamena aurkezten.

Lasarte-Oriako hiri-hondakinak jasotzeko sistema aldatu nahi du udalak: lurpeko edukiontziak kentzea eta errefusa biltzeko edukiontziei txartel elektronikoa jartzea dira oinarriak. Horrez gain, gaur egungo zabor guneak birdiseinatu egingo dituela iragarri du. Eredu berria onartzekotan, 2022. urtean zehar gauzatuko luke.

Lur azpiko edukiontziak kentzea proposatu du udal gobernuak, eta errefusa biltzeko kontenedoreei txartel elektronikoa jartzea, organikoa biltzeko ontziari bezala. Agustin Valdivia alkateak eta David Mateos Zerbitzuetako batzordeburuak aurkeztu dute proposamena. Azken horren hitzetan, "konponbide onenaren, eraginkorrenaren eta herriaren beharrei ongien egokitzen zaienaren alde" egin du. Korporazioa osatzen duten beste udal taldeei abuztua baino lehen eman zien egitasmoaren berri, Zerbitzuetako batzordean, eta "iritzi onak" jaso zituztela azpimarratu du Mateosek. Dena den, hiri hondakinak jasotzeko proposamen berria ez da behin betikoa oraindik. "Lan asko egin behar dugu, eta gauza asko adostu; lehenik eta behin, udal talde guztiak ados egotea nahiko genuke, ezarri nahi dugun sistemak epe luze batean funtziona dezan". Guztiek bat egingo balute ere, Valdiviak eta Mateosek argi utzi dute eredua ez dela "egun batetik bestera" aldatuko. Ondo bidean, 2022. urtean zehar ezartzea espero du udal gobernuak. 

Lur azpiko edukiontziak kentzea eta errefusa biltzeko kontenedoreei txartel elektronikoak jartzea dira oinarrietako batzuk, baina ez bakarrak: ontzi horiek ordezkatzeko, udalak gehiago jarriko ditu lurgainean, eta haien irisgarritasuna "ahalik eta gehien" zaintzen saiatuko da, herritar guztiek aukera izan dezaten zaborra botatzeko. Horretarako, gaur egun udalerrian dauden zaborra botatzeko guneak berriro diseinatu beharko direla aurreratu du alkateak.

Gaikako bilketa hobetzea xede 

San Markos Mankomunitatearen datuen arabera, Lasarte-Oriak hiri hondakinen %46,5 bildu zuen gaika 2020an; Gipuzkoako herrietako kopururik apalenetako bat da hori. Lurpeko ontziak kenduta eta errefusa biltzeko txartel elektronikoa jarrita, Udal Gobernuak honako helburu hauek jarri dizkio herriari: 2025. urterako zaborraren %55 biltzea gaika, eta 10 urte beranduago, 2035ean, %65. 

Norabide horretan, herritarren inplikazioa "funtsezkoa" dela azpimarratu dute Valdiviak eta Mateosek. Horretarako, sentsibilizazio kanpaina "indartsu" bat egingo dute, proposamenean jaso dutenez: "Oinarrizkoa da lasarteoriatarrek jakitea nola bereizi behar dituzten hondakinak, nola birziklatu behar dituzten... Horretarako, eskuorriak ez ezik, gai honetan adituak diren hezitzaile batzuek etxez etxe egingo dute lanketa hori", zehaztu du Mateosek.

"Horrez gain, gida informatiboak sortuko ditugu, gune bat jarriko dugu herrian...". Valdiviak adierazi du udalak "arretaz" zainduko duela gaikako bilketa nola egiten den, organikoarena eta errefusarena batez ere. "Orain arte, sistema borondatezkoa izan da, baina sistema hori ezarritakoan, ez da egongo beste aukerarik hondakin horiek edukiontzietara botatzeko; helburua da edukiontzi organikoa ahalik eta gehien erabiltzea; errefusarena, berriz, ahalik eta gutxien, biltzen den zabor organikoa ahalik eta puruena izan dadin". Udal ordezkari horiek jakinarazi dutenez, Lasarte-Oria da materia hori "ongien" bereizten duen Gipuzkoako udalerria: "Tasa %100etik gertu dago".

Proposamenaren aurrekontua 

Hiri hondakinak jasotzeko sistema berria ezartzeak 339.956 euroko kostua izango du, udalaren estimazioen arabera. Edonola ere, kopuru hori aldatu egin daiteke. Hauek dira jaso diren gastuak: 120.000 euro kanpaina burutzeko; 109.626 euro errefusa biltzeko edukiontzientzat eta txartel irakurgailuentzat; 93.630 euro lurrazpiko kontenedoreak kentzeko; eta 11.700 euro txartel elektronikoak erosteko eta sistema martxan jartzeko. Mateosek jakinarazi duenez, 2021eko aurrekontuetan jasota dago diru partida hori.

Eredu berriaren aurrekontua 339.956 euro ingurukoa izango da

Udal Gobernuak hiru aukera aztertu zituen: lurrazpiko ontziak bere horretan mantentzea; kontenedore metalikoak mantentzea soilik; edo ontzi berriak erostea, "ahalik eta irisgarrienak".

Galdeketako emaitzez haragoko lanketa

Zer egin behar du Lasarte-Oriako Udalak egungo lurpeko edukiontziekin?. Galdera hori egin zien udalak herritarrei pasa den apirilaren 25eko kontsultan. Mantendu edo Ezabatu, horiek erantzun posibleak. Emaitza loteslea izan zedin, parte-hartzeak %30ekoa izan behar zuen gutxienez, baina portzentaje horretatik urrun geratu zen: bozkatzera deituta zeuden lasarteoriatarren (guztira, 15.695) %7,78k bakarrik eman zuen bere iritzia, hau da, 1.258 lagunek. Bozka eman zuen gehiengoak lurrazpiko edukiontziak kentzearen alde egin zuen (702 iritzi). Kontrakoa adierazi zuten 552 herritarrek.

Valdiviak eta Mateosek onartu dute parte-hartzea "oso baxua" izan zela, eta herri galdeketako emaitza "oso urrun" geratu zela lotesle izatetik. "Kontsultaren emaitzak kontuan izan ditugu proposamena lantzerako orduan, baina ez dugu bozketa horretara lotu soilik". Udal ordezkariek zehaztu dutenez, "galdeketaren emaitzak jakin bezain laster" hasi ziren lanean, "alternatiba desberdinak" aztertzen: Andoain, Errenteria eta Urnietako ereduak (hiru horietan errefusaren edukiontziak txartel elektronikoa du) hartu zituzten oinarri, eta San Markos mankomunitatearekin ere "etengabe" izan dira harremanetan.

Erlazionatuak

Parte-hartze txikia herri-galdeketan

Txintxarri Aldizkaria 2021 api 25 Gizartea