Lasarte-Oriako EAJ "pozik", lurrazpiko edukiontziak kentzeko Udal Gobernu Taldeak egindako proposamenarekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 08:16

Lasarte-Oriako EAJ alderdiak "zoriondu" egin du Udal Gobernu Taldea, orain bi urte oposizioak lurrazpiko edukiontzien gainean aurkeztu zizkion neurriak bere egiteagatik. 

EAJko bozeramaile Jon Antxordokik, Udal Gobernu Taldeak egindako aurkezpen publikoaren aurrean, "Gobernu taldeak hartutako erabakia" ezin zela "bestelakoa izan" azpimarratu du. Gogorarazi du txosten teknikoek, aurreko legegintzalditik, babesten zuten lurpeko edukiontziak kentzea, eta aipatu du herritarren kontsultaren emaitzek, parte-hartze oso txikia izan arren, ezabatzearen aldekoak izan zirela. Oposizioaren nahia zein izan den ere ekarri du gogora: "Oposizio osoa lur azpiko edukiontziak kentzearen aldekoa izan gara eta horrela adierazi dugu".

Jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu du, udalean, oposiziotik eta herritarren kontsulta deitu baino lehen, orain hartu nahi diren neurri berak hartzeko eskaera egin ziotela Gobernu Taldeari, eta orain hartutako erabakia bi urte beranduago hartutako erabakia dela. Esan du batzordeak, informazio-programak eta herritarren kontsulta antolatzeko ahalegin tekniko eta ekonomiko guztiak, birziklatze-helburu hobeak lortzeko kanpainen lorpenean oinarritu beharko liratekeela: "Berriro diogu, aipatutako erabaki hau politikoa eta udal-eskumenekoa da".

Agustin Valdivia alkateak eta David Mateos Zerbitzu Publikoetako batzordeburuak egindako proposamenarekin "pozik" agertu da Antxordoki, eta gaineratu du, EAJk horretarako kontsulta baten beharra ikusten ez bazuen ere,  udalean lan egin dutela, Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako hasierako proiektuari zuzenketak eta hobekuntzak proposatuz: "Proposamen horiek mahai gainean jarri, bultzatu eta negoziatu ditugu. Eta elkarrizketa horietan, EAJ-PNVk, hasiera-hasieratik, argi utzi du bere jarrera, gai honetan kontsulta bat egitearen alferrikakotasunari eta desplifarroari dagokionez". 

Alderdi jeltzaleak uste du, hemendik aurrera "azeleragailua" zapaldu behar dela: "Ezin dugu denbora gehiago pasatzen utzi". Gogorarazi dute, herritarren kontsultaren oinarrien arabera, gobernu taldeak 90 egun zituela plana aurkezteko: "90 egun, eta 15 egun izan zitezkeen, kasurik egin izan baligute. Neurriak hartu behar ditugu lehenbailehen. Hondakinak kudeatzeko ordenantza jorratu eta onartu behar da, eta pizgarri fiskalak ezarri behar zaizkio etxetik ondo kudeatzen duenari. Gertatutakoak argi utzi du, prokastinatzea ez dela inoiz ona ".

Erlazionatuak