COVID-19

Lasarte-Orian kutsatu berri bat baieztatu dute asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 16a, 12:46

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak irailaren 15eko datu epidemiologikoei buruzko txostena argitaratu dute. Lasarte-Orian kasu bat atzeman dute asteazkenean, bezperan bezainbeste. Azken hamalau egunetan 34 kutsatze erregistratu dituzte gure herrian, eta intzidentzia tasa metatua 178,52 da, uztailaren 4tik (173,27) baxuena.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.133 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Eskualdeko intzidentzia, jaisten

Koronabirusaren eragina apaltzen ari da Beterri-Buruntza osatzen duten herri guztietan. Urnieta zen eremu laranjan zegoen bakarra, baina asteazkeneko datuak eskuetan, hura ere gune horira igaro da.

EAEko hiru lurraldeetan 215 kutsatze berri diagnostikatu dituzte asteazkenean; horietatik 64, Gipuzkoan. 6.066 proba egin dira kasu positiboak hautemateko; positibo eman dute %3,5ek. Osakidetzako ospitaleetan 218 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; larri daude horietatik 52, ZIU unitateetan. Irailaren 15ean 40 gaixo erietxeratu behar izan dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.

Erlazionatuak