Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.132 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean hiru kutsatze erregistratu dituzte irailaren 14an: bi Usurbilen eta bat Lasarte-Orian. Urnieta eremu laranjan dago, eta horian beste udalerri guztiak, grafikoan ikusi daitekeenez.
EAEko hiru lurraldeetan 195 kutsatze diagnostikatu dituzte asteartean; horietatik 70, Gipuzkoan. 6.510 PCR eta antigenoen proba egin dituzte positibo berriak hautemateko; ehunetik hiru izan dira positiboak. Osakidetzako ospitaleetan 214 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 53k sintoma larriak dituzte eta ZIU unitateetan daude. Irailaren 14an 28 paziente berri erietxeratu dituzte, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.