COVID-19

Lasarte-Orian ez dute positiborik atzeman astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 14a, 12:53

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak irailaren 13ko datu epidemiologikoen berri eman dute. Lasarte-Orian, bigarren egunez jarraian, ez dute kutsatu berririk baieztatu. Azken hamalau egunetan 38 positibo erregistratu dituzte, eta intzidentzia-tasa metatua 199,53 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.131 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,2). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan sei kutsatze baieztatu dituzte irailaren 13an: lau Hernanin eta bana Andoainen zein Astigarragan. Urnieta izan ezik, eskualdeko gainontzeko udalerri guztiak eremu horian daude.

EAEko hiru lurraldeetan 218 positibo zenbatu dituzte astelehenean, horietatik 89 Gipuzkoan. 6.289 PCR eta antigenoen proba egin dira; positiboak izan dira %3,5. Osakidetzako ospitaleetan 220 paziente daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 54 larri daude, ZIU unitateetan. Astelehenean 31 gaixo erietxeratu behar izan dute, gaixotasunaren sintomek okerrera eginda.