COVID-19

Eremu horira igaro da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 13:06

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak irailaren 8ko datu epidemiologikoen berri eman dute txosten batean. Lasarte-Orian hiru kasu atzeman dituzte, bezperan baino hiru gehiago, baina, hala ere, intzidentzia-tasa metatua jaitsi egin da (267,79 da), eta herria eremu horira igaro da. Azken hamalau egunetan 51 kutsatze erregistratu dituzte gurean.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.120 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,1). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean zazpi kasu baieztatu dituzte asteazkenean: hiruna Lasarte-Orian eta Urnietan, eta bat Astigarragan. Udalerri guztiak eremu horian daude, Urnieta izan ezik.

EAEko hiru lurraldeetan 234 positibo erregistratu dituzte irailaren 8an; horietatik 83, Gipuzkoan. 5.646 PCR eta antigenoen proba egin dira kutsatze berriak hautemateko; positiboak izan dira ehunetik lau pasatxo (%4,1).

Osakidetzako ospitaleetan 250 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 57 larri daude, ZIU unitateetan. Asteazkenean 41 paziente erietxeratu behar izan dituzte, SARS-CoV-2 birusaren sintomek okerrera eginda.